Jaitzubia Hipika ezagutzeko, jardunaldi irekiak
Larunbat honetan instalazioak eta bertan egiten diren jarduerak ezagutzeko aukera egongo da. Sarrera librea da, baina jarduera batzuetarako aurrez izena eman behar da.
Ate irekien jardunaldia egingo du larunbat honetan Jaitzubiako Hipika klubak. Kirol hau dibulgatu eta instalazioak erakutsi nahi dituzte era honetan. “Ekitatearen munduak gazteei eta helduei dakarzkien onurei balioa emango zaie”, azaldu dute antolatzaileek.
Instalakuntzak ezagutzeko bisita 12:00etan hasiko da eta bertan egiten dituzten jardueren berri emango dute. Gainera, bosna iniziazio klase jasotzeko hiru bonuren zozketa egingo dute orduan.
Egunean zehar bederatzi jarduera egingo dituzte. Lehenik, Guadalupe mendira paseo bat emango dute zaldian, 09:00etan. Eguerdian, 12:00etan, bodyattack klase bat eskainiko dute, eta jarraian bazkari popularra egingo dute 14:00etan. Bestalde, poney gainean buelta eman ahalko dute txikienek ere, 10:30etatik 14:00etara. Horrez gain, gaztelu puzgarriak jarriko dituzte.
Arratsaldean, 16:00etan, spinning klasearen txanda izango da; 17:00etan futbol partida batez gozatzeko aukera egongo da eta 19:00etan horseball partidaz. Bukaeran, 21:00etan hasita, Basati talde tolosarrak kontzertua eskainiko du.
Paseoan eta bodyattack klasean parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da hipikako bulegoetan. Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiote Kirola gimnasioari spinning klasea ematera animatzeagatik, BM Supermerkatuei gaztelu puzgarriengatik eta Carlota Olaizolari bodyattack saioagatik.