Irungo Harrera Sareak migratzaileek bizi duten egoera salatu du
Kideek aurreikusi dute "Bidasoa ibaia gurutzatzea migrazio bidea jarraitzeko bideetako bat bilakatu daitekeela beste behin ere".

“Azken egunetan Irun eta Hendaia arteko kontrol poliziala gogortu egin dela eta, migrazioa segitzeko bide ez seguruak hartzeko baldintzak gauzatzen ari direla salatu nahi dugu”. Irungo Harrera Sareko kideen hitzak dira, eta migratzaileek egun pairatzen duten egoera irmo salatu nahi dute. Aldi berean, Hego Euskal Herrian Gurutze Gorriaren baliabidea “ahalik eta azkarren uzteko presioak bere horretan” jarraitzen duela eutsi dute, “lehenagotik” denuntziatu duten bezala.
Santiagoko eta Behobiako zubietan egon ohi diren poliziek “kontrolak estutu” dituztela azaldu dute. Egoera horrek auto ilara luzeagoak sortu ditu, eta “poliziaren jarrera desatseginagoa” dela eta identifikazioa “beste aldietan baino gehiago” eskatzen ari direla nabarmendu dute.
Iragan igandean, Bidasoa ibaiaren ertzean, Irungo Harrera Sareko kide bati laguntza eskatu zioten hainbat migratzailek ibaia gurutzatu ahal izateko. Sareko kideak ziur dira honakoa ez dela “gertakizun berria, ezta seguruenik azken boladan inguru horietan gertatu den aldi bakarra ere ez”. Gertakizun horien aurretik, “bide ez seguruak hartu behar izanagatik eta migrazio politika eskasengatik”, Tessfit Temzide, Abdoulaye Koulibaly, Yaya Karamoko, Sohaibo Billa, Mohamed Kemal, Fayçal Kamadouche, identifikatu gabeko pertsona bat, Ibrahim Diallo eta Abdourramane Bah Bidasoko eskualdean hil zirela gogorarazi dute.
Irungo Harrera Sareak goizeroko arretan migratzaileei errepikatzen die Bidasoa ibaia gurutzatzea “arriskutsua” dela eta “pazientziarekin bide seguruetatik” gurutzatu ahal izango dutela. Dena dena, sareko kideek badakite Bidasoa ibaiaren “bide hori hartzen” jarraitzen dutela. Uda honetan ibaiaren isuria baxua izan da, eta egoera horrek “erraztu egin die pentsatzea aukera bat dela igerian pasatzea”.
Bestalde, Irungo Gurutze Gorriak Hilanderaseko baliabideko erabiltzaileei presioa sartzen diela salatu dute, hasieratik esaten baitzaie “hiru gau bakarrik” gera daitezkeela. “Presio horrek behar baino lehen alde egitera” bultzatzen diela baietsi dute Harrera Saretik. Egoera horren ondorioz, “hala nola eta ahalik eta azkarren”, Hendaiara eta Biriatura gurutzatzera behartzen dituztela zehaztu dute, “beraien bizitzak arriskuan jarriz”.
Ekainean Irungo Harrera Sareko kideak Eusko Jaurlaritzako EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariekin bildu ziren eta “presio hori kentzea” eskatu zieten, “haien eskumena” delako. Hiru hilabete geroago “presioak berdina izaten jarraitzen” duela salatu dute, eta “hori aldatzeko eskaera” egiten diete berriz ere: “Ezinbestekoa da harrera duina egin ahal izateko eta heriotzak prebenitzeko”.
Orain artean azaldutako baldintzek “horrela” jarraitzen baldin badute, sareko kideek aurreikusi dute “Bidasoa ibaia gurutzatzea migrazio bidea jarraitzeko bideetako bat bilakatu daitekeela beste behin ere”: “Aurrekariak badaude eta arriskua begien aurrean dagoela iruditzen zaigu. Dei egiten diegu Ipar eta Hego Euskal Herriko dagozkien erakunde guztiei aurre hartzera eta egoera lazgarriak prebenitzera”.