FICAB zinemaldiak hiru emanaldi izango ditu
Azaroaren 14tik 19ra egingo da eta lehen aldiz Donostiako Tabakaleran egingo da festibalaren zati bat.
Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa, FICAB deiturikoa, azaroaren 14tik 19ra egingo da. Egitasmo hau Irungo Udaleko Kultura arloak sustatzen du Oiasso Erromatar Museoarekin lanean. Aurtengo kartela Antzinako Egiptori buruzkoa da, Tuttankamonen hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrena delako.
Jatorri askotako 49 film jaso dituzte guztira, esaterako, Jordania, Brasil, Mexiko, Erresuma Batua edota Frantzia. Azken edizioan batik bat film laburrak bildu zituzten, aurten, aldiz, gehienak pelikulak direla adierazi dute antolatzaileek.
Programazioa
Hautaketa bat egin dute filmekin eta horiek hiru emanalditan proiektatuko dituzte. Azaroaren 16ko goizeko saioa Hezkuntza Sailari dagokiola azaldu dute eta lehen aldiz Donostiako Tabakaleran egingo da festibalaren zati bat. Gerora egingo diren beste biak Sail Ofizialekoak, Amaia KZn egingo dira, hitzaldi aretoan eta auditoriumean,17:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren.
Beste urte batez Donostiako Aquariumaren kolaborazioa izango dute eta bertan itsas arkeologiarekin zerikusia duten filmak proiektatuko dituzte. Bestalde, film guztiak Festhome plataforman ahalko dira ikusi.
Programatu duten filmetako bat itsuentzat prestatuta dagoela aurreratu dute, eta hori egin ahal izateko AudescMobile aplikazioa erabili dute, doakoa dena eta ONCEk sustatutakoa. El sueño de la vida eterna da egokitu duten pelikula, Javier Truebarena.
Tuttankamonen hilobiaren aurkikuntza
Urriaren 6ean, 19:00etan, Oiasso museoan hitzaldi bat eskainiko du Juan Ramon Perez Accino Picatoste egiptologo ospetsuak. Aurkikuntza berriak Errege Gordelekuaren bailaran (Luxor, Egipto) izena du hitzaldiak eta Oiasso museoak antolatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Antzinako Egiptori eta hilobien arkeologiari buruzko hitzaldi ziklo bat eskaintzen hasi ziren martxoan, eta urte osoan egingo dira.
Antzerki tailerran
Haur eta helduak antzerki klasiko greko latindarrera erakartzeko antzerki saioak antolatu ditu beste urte batez Oiasso museoak, aldundiarekin batera. Asmo nagusietako bat ere bada Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren esparruan programatzen diren ikuskizunetan parte hartzera bultzatzea.
8 eta 13 urte bitarteko hurrentzako saioak Nerea Arriolak eskainiko ditu, urriaren 19tik abenduaren 14ra, asteazkenero. 17:15ean hasi eta 18:30ean amaituko dituzte eta matrikularen kostua 40 eurokoa da.
Helduentzako tailerra, asteazkenetan egingo da ere urriaren 19tik 14ra, 18:30ean hasi eta 20:30era. Matrikularen prezioak 40 euro balio ditu ere eta Patxi Perez izango da irakaslea.
Klaseak museoan emango dira eta lehenagotik izena eman behar da telefonoz 943 63 93 53 zenbakira deituta edota posta elektronikora mezua bidalita.