Dena prest Irun Zuzenean jaialdirako
Bihar hasi eta larunbatean bukatuko da, eta erreferentziazko hamar talde eta bakarlari ariko dira Ficoban zuzenean.
Dena prest dago Irungo Udalak antolatzen duen Irun Zuzenean musika jaialdiari ekiteko. Aurtengo edizioa bihar hasi eta larunbatean bukatuko da, eta erreferentziazko hamar talde eta bakarlari ariko direla zehaztu dute antolatzaileek, Ivan Ferreira eta Zahara kartelburu direlarik. Jaialdia Ficoban izango da, eta kultura sailaren musika arloko aurtengo apustu nagusia dela baietsi dute, aurreko edizioetako aurrekontua hirukoiztu baitute.
Irun Zuzenean zuzeneko musikaren esparruan Irungo Udalak duen lan ildoaren erreferentzia da, eta hitzorduaren helburuak beste publiko batzuk erakartzea eta erreferentziazko taldeak Irunera ekartzea dira.
Euri arriskua dela eta, bigarren agertokia lekualdatu dute. Hasiera batean kanpoaldean jarri behar zuten oholtza hori, baina kontzertu guztiak eskaintzen direla bermatzeko, bigarren pabiloira lekualdatu dute. Horrez gain, agertoki nagusia hirugarren pabiloian egongo da aurreikusita zegoen moduan. Bi espazio horien artean barra eta janaria saltzeko foodtruck zerbitzua egongo dira, bai eta atseden hartzeko lekua ere. Kanpoko balkoia ere irekita egongo dela nabarmendu dute.
Ateak 18:30ean irekiko dira, eta honakoak dira kontzertuen ordutegiak:
Ostirala, hilak 30:
- 19:00etan: Ezpalak.
- 20:00etan: Maren.
- 21:00etan: Jordana B.
- 22:00etan: Ivan Ferreiro.
- 23:30ean: Dupla.
Larunbata, urriak 1:
- 19:00etan: Maika Makovski.
- 20:00etan: Malforta.
- 21:00etan: Ginebras.
- 22:00etan: Impacto Vudu.
- 23:30ean: Zahara.
Sarrerak, TicketMaster, Wegow eta Mercaentradas webguneetan eros daitezke. Egun baterako sarreren prezioa 15 eurokoa da, eta bi egunetakoa, berriz, 30ekoa. Kontzertuen egunean ere erosi ahal izango dira txartelak, Ficobako ohiko txarteldegian.
Ficobara joango direnei gogorarazi zaie Euskotrenen geltokia eremuaren sarreraren ondoan dagoela. Larunbatean tren bat irtengo da Donostiako noranzkoan 01:05ean, jaialdia bukatu eta minutu gutxira. Bestalde, ostiralean zein larunbatean, Ekialdebusen E77 lineak Ficoba eta Irun erdialdea lotuko ditu, ordueroko maiztasunarekin. Horrez gain, autoz joateko hautua egiten dutenek Ficobako aire zabaleko doako aparkalekua irekita izango dute.
Indarkeria matxistaren aurka
Antolakuntzak deialdi berezi bat egin du “kliman eta jaialdian izaten diren pertsonen arteko harremanak zaintzea” bertaratzen diren guztien ardura dela kontzientziatzeko. Ildo horretan, ‘Indarkeria matxisten aurrean jokatzeko neurriak’ izeneko triptiko informatibo bat banatuko da, Berdintasun sailarekin batera egindakoa.