Txingudi korrika lasterketak trafikoan eragina izango du ostiraletik
Lasterketa 16:30ean abiatuko da Hendaiako Florida kaitik.
Asteburu honetan abiatuko da Inmobiliaria URME-Txingudi korrikaren 23. edizioa. Lasterkariak prest daude dagoeneko denboraldi berriko bigarren lasterketarako. 16:30ean Hendaiatik abiatuko dira eta helmuga Hondarribiko atletismo pistan izango da. Lasterketaren inguruko xehetasun gehiago hurrengo albistean.
Trafiko aldaketak
Txingudi korrika behar bezala irteteko beharrezkoa da zenbait neurri hartzea trafikoari dagokionez. Hauexek dira udalak jakinarazi dituen aldaketak:
- Aldaketak ostiralean hasiko dira. Eguerdiko 14:00etatik aurrera, larunbateko 18:00ak arte Zuloaga kalean aparkatzea debekatuta egongo da.
- Larunbatean Hondartza Kiroldegiko aparkalekua itxi egingo da.
- Lasterketak dirauen bitartean Mendelu auzotik Amute auzora doan errepidea trafikoari itxita egongo da. Amute auzora heltzeko Bidasoko Ospitaletik joan beharko da. Kosta kalea zabalik egongo da.
- Foru kaletik portura sartzea debekatuta egongo da lasterketa hasi baino hamabost minutu lehenagotik, hau da, 16:15etik, azken parte hartzaileak heldu arte.
- Bidasoa, Axular, Benta, Matxin Artzu eta Almirante Alonso kaleetan aparkaturik dauden autoak Itsasargi kaletik ‘baypass’ eginez aterako dira.