EAJk dio Plaiaundi eta Amute arteko lanak "erritmo onean" doazela
Irun Bidasoko hondartzekin lotuta egoteko bide zuzena litzateke. Eguneratu egin dute jeltzaleek lan horien gainekoak.
2013an Plaiaundi parke naturalean, nazioarteko zubien azpitik oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat sortzea proposatu zion Irun eta Hondarribiko EAJk Eusko Jaurlaritzari. Proiektu honen asmoa Bidasoko hondartzak Irunekin lotzea da, Bidasoa ibaiaren ertzetik joango litzatekeen ibilbidearekin.
Ideia luzatzeaz gain, 2014an azterlan bat egiteko eta jaurlaritzaren aurrekontuan partida bat sartzeko konpromisoa hartu zutela gogoratu dute jeltzaleek. Ildo horretan, 2014an ere, mozio bat erregistratu zuten Irungo Udalean babesa bilatu nahian, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, “proiektua hau ahalik eta lasterren egia bihur zedin”. Udalean ere lanean aritu direla diote.
San Lorentzo aintzira
Plaiaundiko San Lorentzo aintzira zabaltzeko proiektua onartu zuen jaurlaritzak iaz. Horretarako, Hondarribiko Amute auzoa Plaiaundi parke naturalarekin batu nahi dute bidegorri bat eraikita, eta hori egiteko 27,4 milioi euro bideratu dituzte.
Lan hauei buruz galdetu diote Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeari eta “erritmo onean” doala bideen konexioa azaldu zuela dio EAJk. Gainera, beste fase bat ere hasi dutela aurreratu zien, Plaiaundi institutuaren eta Santiagotarraken arteko tarteari dagokiona. Halaber, laster berri gehiago jasoko zituztela alor honen gainekoak aurreratu zien sailburuordeak.
Albiste guzti horiengatik “pozik” daude jeltzaleak, “urte hauen joan etorrian egin dugun lanaren emaitzak asebetetzen” dituelako. Ingurumena gai garrantzitsua dela haientzat diote eta proiektu hauekin mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten dutela adierazi dute. “Irun Hendaiarekin eta Hondarribiarekin lotzeaz gain, gure hiriko auzoak elkarren artean lotzeko aukera emango duen proiektua da hau”.