Ostegunetik igandera klima aldaketa izango dute hizpide
Pirinioez Bestaldeko Gazteriaren II. Foroaren topaketa jasoko du, aste honetan, Hondarribiak. Hirurogei gaztetik gora bilduko dira klima aldaketaren inguruan eztabaidatzeko.
Hondarribia izango da Pirinioez Bestaldeko Gazteriaren II. Foroaren topalekua. Ostegunean, hilaren 29an hasi eta urriaren 2an amaituko da. Foro honen lehen ekitaldia iazko urtean egin zen, Jacan. Bertan Akitania berriko, Okzitaniako, Kataluniako, Andorrako, Aragoiko, Nafarroako eta EAEko gazteak bildu ziren. Ostegunean ere eskualde horietako gazteak bertaratuko dira Hondarribira.
Klima aldaketaren eragina Pirinioetan: zer egin dezakegu? izango da aurtengo lema. Beraz, bigarren foro honetan, klima aldaketaz eta eskualdeen egokitzapena izango dute hizpide.
Foru aterpetxea izango da topalekuaren egoitza eta bertan izango dira Hondarribiko alkatea, Idoia Arauzo Pirinioetako Lan Elkarteko Gazteen Lantaldeko zuzendaria, Agurtzane Llano, Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria eta Jean Louis Valls Pirinioetako Lan Elkarteko zuzendaria lan taldeari harrera egiteko. Harrera ekitaldia ostegunean 19:30ean izango da.
Gazteen egitekoa
Foroa ostiralean abiatuko da. Goizean lan eta eztabaida tailerrak egingo dituzte. Zehazki, Klima aldaketari aurre egiteko ekimen eta ekintza zehatzen inguruan eztabaidatu eta proposamenak egingo dituzte. Arratsaldean, Hendaiako kirol portuan Biarritzeko gazte talde batek kontzientziazio-proiektu baten berri emango die. Blutopiako Gorka Oyartzun eta Julien Gerbete izango dira hitza hartuko duten gazte baionarrak. Larunbat goizean, erakunde-ordezkariek, Foroaren egoitza bisitatuko dute. Arratsaldean bizikleta martxa egingo dute Bidasoako Bide Berdetik. Igandean, topaketaren azten eguna izango da. Proiektuak aurkeztu eta ondorioak irakurriko dituzte.