Barne aparkalekuak hobe kudeatu behar direla dio Elkarrekinek
Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana urriaren 3an onartuko dute eta ekarpenak egin ditu alderdi moreak.
Urriaren 3an, Iraunkortasun Energetikoaren aldeko Partaidetza Batzordea egingo dute udalean, ekarpenak egiteko Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren (HMIP) zirriborroari. Elkarrekin-Podemosek bat egiten duela iraunkortasunarekin adierazi du. “Plan hau beharrezkoa da, baina ez edozein preziotan”.
Oinezkoentzat eta bizikletentzat izan behar duela iraunkorra dio alderdi moreak, eta horretarako kotxe partikularren erabilera gutxitu beharko zela uste dute. Garraio publikoaren defentsa egin dute, Irungo auzo guztietara iristeko modukoa, “eta hainbat obra edo mantentze-lan egiten direnean, horrek ez du eragingo ehunka pertsona zerbitzurik gabe geratzea”. Halaber, autobusak iristeko zailtasunak dauden eremuak hobetu behar direla iritzi dute.
Bidegorri sareaz ere jardun dira eta errepideak seinaleztatzea ez dela nahikoa sarea osatzeko diote. “Bizikletaren eta beste baliabide batzuen erabiltzaileek segurtasunez mugitzeko aukera izan behar dute”. Segurtasun hori lortzeko errepidea eta bidegorria banatu behar direla dio Elkarrekinek, eta horrela, garraio publikoa konektatzeko eta ibilgailu pribatuak ordezkatzea sustatuko litzateke.
HMIP “asmo handiko” plana dela uste dute, baina hanka motz dagoela. Ekarpenak egiteko lanean dabiltzala baieztatu dute moreek, militantziari galdetuz.
Ildo horretan, aparkaleku alternatiboak behar direla diote, izan ere, batzuetan ibilgailu partikularrak erabiltzea beharrezkoa da, garraio publikoaren konexioek ez dietelako balio batzuen beharretarako.
TAO sistemari buruz esan dute egoiliarrentzako aparkalekuen eskaintza ez dela nahikoa, eta TAOren egungo eremuak berrikusi behar direla uste dute. Bi helburu bete nahi dituzte horrela: “gaur egungo aparkalekuak egoiliar-eremu bihurtzea, plazen % 80 egoiliarren erabilerarako, eta TAO eremuak eremu zabalagoetara egokitzea, hiriko auzoen neurriarekin hain lotuta egon ez daitezela, oso tamaina ezberdinekoak baitira eta kontuan izanik biztanleria-dentsitateak ere desberdinak direla”.
Era berean, lurpeko aparkalekuen beharra dagoela diote eta apustu argia egiten dutela adierazi dute: “dauden aparkalekuen zuzeneko kudeaketa; horrela, erabiltzaileak ordainduko lukeen prezioa publiko bihurtuko litzatekeen zerbitzu baten mantentze-kostuaren araberakoa litzateke”.
Azpikontratei lotutako etekin ekonomikoa ezabatu nahi dute aparkalekuen kudeaketaren proposamenarekin, “herritarrek ez ordaintzeko gainkostu hori”. Ez dela behar beste aparkaleku bat eraikitzea iritzi dute, daudenak hobeto aprobetxatzea baizik. Prezioa “erakargarri egitea” ere ez dela soluzioa diote, zerbitzua garestitzen duelakoan.
Erdiguneko bidegorriaz esan dute HMIPean ez dagoela garbi azalduta haren bideragarritasuna. Horregatik plan hori luzatu egingo dela uste dute eta ibilbidea aldatzeko eta hiria beste modu batez zeharkatzeko planteamendua luzatu dute. “Horrela, ez litzateke eraginik egongo Colon pasealekuko eta Nafarroa hiribideko trafikoan”. Beraien bidegorri proposamena urriaren 3an irakurri ahalko da.