Larunbatean mural bat margotuko dute Lapurriturriko informazio gunean
Saioak hiru orduko iraupena izango du, eta haurrak dituzten familiei dago zuzenduta. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da.
Larunbat arratsaldean, urriak 1, 15:30etik 18:30era, mural bat margotuko dute elkarlanean Lapurriturriko informazio gunean. Aiako Harriko naturaguneko uda-udazkeneko jarduera berezietako bat da honakoa.
Lapurriturriko etxolan egingo duten muralak naturaren, zaintzaren eta errespetuaren gaiak jorratzen ditu. Artean Espazioko kide den Juncal Alfonso artistak diseinatu du irudia, eta hark zuzenduko du larunbateko saioa. Aurrez egindako diseinu batetik abiatuta, Lapurriturrira joango diren pertsonek fatxadaren zati nagusia margotzeko aukera izango dute, eta haren aztarna utzi ahal izango dute espazio horretan.
Tailerrak hiru orduko iraupena izango du, eta adin guztietako haurrak dituzten familiei dago zuzenduta. Ekintzan parte hartzeko izen-ematea doakoa da, baina aurrez eman behar da izena Bidasoa Gaineko Zubian edo Irungo Udaleko webgunean. Izen-emateak, ordea, banan-banan egin behar direla azaldu dute.
Antolatzaileek parte hartzaileei zikindu daitekeen mendian ibiltzeko arropa eta oinetakoak eramatea gomendatu diete. Horrez gain, edaria eta jatekoa ere eraman dezaten zehaztu dute.