Jose Antonio Santano, alkate izateko hautagai seigarrenez
Oraindik ere alkate izateak ilusioa egiten diola adierazi du eta hiriarentzako diseinatutako proiektuarekin segi nahi duela.
Joan den larunbatean Jose Antonio Santano alkateak bere sare sozialetan jakinarazi zuen berriz aurkeztuko zela datorren urteko udal hauteskundeetara PSE-EEko hautagai gisa. Hauteskundeak irabaziz gero, seigarren legealdia izango luke.
2002an momentuko Alberto Buen alkate sozialista ordezkatu zuen eta 2003an irabazi zituen bere lehen botoak. Guztira bost aldiz izendatu dute alkate.
Berriz aurkezteko arrazoia “hiriarekiko ilusioa” dela adierazi zion El Diario Vascori, eta oraindik ere alkate izateak zirrara eragiten diola dio. “Gustuko dut”. Irun maite duelako egiten duela ere esan zuen.
Arrazoi pertsonalez gain, Irunentzat garatu duten proiektuak ere bultzatu diola berriz aurkeztera esan du. “Duela 20 edota 10 urte bezain zirraragarria da proiektua. Jende gehienak bat egiten duena da”. Esperientzia duela kargu honetan ere azaldu du bere hautagaitza defendatzeko, eta pandemia garaiko esperientzia nabarmendu nahi izan du.