"Udalak kabetegi ahulenari eraso egitea erabaki du"
ELA sindikatuak ardura langileei egoztea eta erlazioak lohitzea leporatu dio udalari.
Atzoko egunez, alkateak udal ordezkariekin batera, garbitzaileen negoziaketarekiko udalak duen posizioa azaldu zuen. Finean, eskuak lotuta dituztela eta konponbide bakarra langileen eta enpresaren arteko negoziaketan adostasuna lortzea dela azaldu zuen. Adierazpen horiek “zuriketa ariketa” bat izan ziren ELA sindikatuarentzat, “ardura propioa hartu beharrean, langileei leporatu nahi izan die erantzukizuna”.
Ildo berean, udalak negoziazioak “bizirik” jarraitzen duela adierazi zuen eta hurrengo bilera urriaren 4an izango zela gogorarazi zuen. Sindikatuaren ustez, ordea, negoziaketa etengabe atzeratzen ari da “udalaren utzikeriaren” eta joan den astean aipatu zuen “enpresaren fede txarraren” erruz. Biek ala biek “estrategia berdina dute” eta denbora pasa ahala, ISS Facility Servicek “diru publikoa poltsikoratzen” jarraitzen duela mahai gaineratu du berriro ere.
Azken negoziaketa bileran enpresak langileen proposamena baztertu eta kontraproposamena hurrengo bileran egingo zuela azaldu zuen, baina atzoko prentsaurrekoan udalak proposamen berria aireratu zuen, “enpresaren bozeramaile papera hartu du” eta “enpresak bidalitako proposamenei publizitatea egiten dio […] horrek erlazioak lohitu besterik ez ditu egiten”. Proposamena aireratzearen harira zur eta lur geratu dira, “negoziaketa prozesu batean alderdiek elkarri trukatzen dizkioten proposamenak aurrez aurreko bilera eduki arte ez dira argitaratzen”.
Langileen soldata azaleratzea ere ez zaie bidezkoa iruditu, “kabetegi ahulenari eraso egitea erabaki dute”. Garbitzaileen ordainsaria zabaltzeaz gain, ELAren ustez, beste zenbait datu azaleratzea ahaztu zitzaien, hala nola, “garbiketako partida bikoiztu zutela baina garbitzaileek xentimorik ikusi ez dutela, langile berriak kotratatu zituztela, baina hitzarmenaren azpitik ordaindu zitetela, horiei astebeterako kontratuak egin zizkietela eta abar”.