European Leagueko lehen partida gaur Bidasoarentzat
Kolstad norvegiarrak izango dira aurkariak eta maila altuena ematera irtengo direla kantxara adierazi du entrenatzaileak. Partida 20:45ean hasiko da.
Gaur jokatuko du Artalekun, 20:45ean Bidasoa Irunek Kolstad Handball talde norvegiarraren aurka EHF European Leagueko lehen partida.
Lehen kanporaketa honetarako gakoa ahalik eta maila altuena ematea eta publikoa lehen minututik animatzen egotea dela adierazi du Jacobo Cuetara entrenatzaileak. Ilusio askorekin joango direla garaipenaren bila eta gerra emango dutela dio Cuetarak.
Lehiaketa honetan “pausoz-pauso” joan nahi dute. “Lehenik eta behin etxean egin behar diogu aurre partida honi, iritsiko da buelta. Bi neurketak irabazten saiatu behar gara. Oso zaila da aurkari konplexu baten aurka aldea ateratzea, eta ekintza bakoitzean pentsatu behar dugu ahalik eta emaitzarik onena lortzeko”.
Entrenatzailearen arabera talde norvegiarrak “maila altua” dauka eta beraiek haien armak dituztela nabarmendu nahi izan du. “Min emateko talde gisa izan ditzaketen pitzadurak bilatzen saiatuko gara”.
Aurkariek talde bikaina dutela uste du Cuetarak, zehazki, Gudjonsson hegalean eta Smarason zentralean, Islandiako selekzioko jokalariak dira eta desoreka asko sortzen dituzte haren esanetan. Nazioarte mailan jokalari inportanteak direla iritzi du entrenatzaileak.
Bidasoaren helburu nagusia taldea kantxan dagoela erakustea da Cuetararentzat, “ez urduri jartzea, geurera jokatzea eta lor dezakegun emaitzarik onena lortzea, gu geu izaten eta gure maila ematen”.