Bigarren fasean dago aurrekontu irekien prozesua
Ekarpen guztiak aztertu eta lehen bozketarako sailkapena egingo dute. Urriaren 13tik 17ra izango da aurreneko bozketa.
Aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak egiteko aurrez-aurreko saioak bukatu dituzte. Orain, proposamenak bide desberdinetatik jaso eta gero, prozesua fase berri batean sartu dela azaldu du udalak.
Luis Marianoko zentroan egin zen azken saioa eta hiru ideia aukeratu zituzten: 24 botorekin, Lapitze auzoan Alei, Muinoa, Belitz, Zapatainzabala eta Piketazaharra kaleak berrurbanizatzeko erredakzio proiektua; 21 botorekin, Miguel de Anbulodi ingurua berrurbanizatzeko eta bertako argiztapena hobetzeko erredakzio proiektua; 20 botorekin, 150.000 euroan Urdanibia Berriko kirol parkearen ondoan kanpo rokodromo bat, adin guztientzako bi tirolina eta mahai eta bankuak instalatzeko proiektua.
Karpak jarri izan direnean 279 ideia jaso zituzten, 235 udalaren orrialdean, gazteentzako bideratutako aurrekontuetarako zein aurrekontu nagusirako balio dutenak. Ekarpen guztien balorazio teknikoa egiten hasi dira eta baldintzak betetzen dituztenak atariko bozketan sartuko dituzte, urriaren 13tik 17ra egingo dena.
Lehen bozketa horretan hogei hautatuko dituzte herritarrek, eta finaleko bozketan bakarra aterako da. Baldin eta zein bidetatik aurkeztu den proposamena, aukera gehiago dituzte sailkatzeko. Aurrez aurreko saioetatik 6 hautatuko dituzte, internetetik 8, karpetatik 5 eta auzo elkarteak 1 aurkeztuko du.
Gazte prozesuari dagokionez, internetetik 12 sailkatuko dira, ikastetxeetatik 4, gazteria zerbitzutik 2 eta 2030 agendatik 2.
Behin proposamen finalistak aukeratuta, urriaren 20tik 26ra bitartean, beste bozketa bat egingo da, 2023ko aurrekontu orokorren barruan sartuko direnak aukeratzeko, 1,5 milioi euroko mugaren barruan.
Irunen erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eman ahalko dute botoa, eta 16 urtetik 30 urtera bitartekoek, gainera, gazte prozesuaren barruan ere bozkatu ahalko dute.