Alzheimerra prebenitzeko programa, 60 eta 85 urte bitartekoentzat
Bi urteko programa da eta urte horietan parte hartzaileen bizimodu ohiturei erreparatuko diete. Egitasmoa gehiago ezagutzeko hitzaldiak eskainiko dituzte.
Alzheimerra prebenitzeko eta gaixotasuna aztertzeko proiektu bat jarri du martxan Irungo Udalak. Gaur egin dute aurkezpena udaletxean eta bertan izan dira Jose Antonio Santano alkatea, Pablo Santano Martinez Lage CITA Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoa eta David Nuño Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak.
60 eta 85 urte bitarteko biztanleei zuzenduta dago eta alzheimerra biztanleriaren zahartzeak dakarren erronka nagusietako bat dela adierazi dute, “beste dementzia mota batzuekin batera”.
Donostiako fundazio bat da CITA Alzheimer eta gaitza ikertzen eta prebenitzen lanean daramatzate hamar urte baino gehiago. Azken urteetako ikerketa lanei esker ezagutza zabaldu du gaixotasunari buruzkoak, esate baterako, faktore asko osasun kardiobaskularrarekin eta bizimodu ohiturekin zerikusia dutela jakin zuten.”Horiek alda daitezke. Hiru dementzia kasutatik bat saihestu daiteke bizimodua zainduz gero”.
Aldaketa bidez prebenitu daitekeela frogatzeko CITA Go-On azterlana abian jarri dute. Ikerketa horretako lan taldea osatzen dute CITA-Alzhéimer, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Basque Culinary Center, Biodonostia, Achucarro Basque Center for Neuroscience, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Camp Tecnológico.
Gipuzkoako beste udalerri batzuetara hedatu da dagoeneko proiektua, esate baterako, Deba eta Beasainen. Orain, hiri handietara iritsi nahi izan dute.
Irungo proiektua
60 eta 85 urte bitarteko pertsonei zuzendutakoa da proiektua eta 2 urteko iraupena izango du. Tarte horretan parte hartzaileek proba medikuak egin beharko dituzte eta ariketak egin, “gorputzez, buruz eta gizartean aktibo egoteko”. Dieta ere aintzat hartuko dute eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak saihestu.
Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako osasun gomendioak jasoko dituzte parte hartzaileen erdiek. Beste erdiek, berriz, programa batean sartuko dira eta taldekako tailer presentzialetara joan beharko dute Donostiara. Medikuari bisitak egingo dizkiote ere bakarka.
Bisita eta tailer horiek balioko dute estimulazio kognitiboa sustatzeko, arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatzeko, nutrizio ohiturak hobetzeko, jarduera fisikoa sustatzeko eta adimen emozionala eta osasun psikosoziala hobetzeko. Guztiei ebaluazio mediko osoa egingo diete amaieran.
Egun hauetan 60 eta 85 urte bitarteko irundarrek gonbidapen gutun bat jasoko dute proiektura atxikitzeko proposamenarekin. Izen emateko formulario hau bete behar da, hautagaiek irizpideak betetzen dituzten jakiteko. Halaber egingo dituzten informazio hitzaldietan ere ahalko da izena eman.
Informazio hitzaldiak
Proiektuaren xehetasunak kontatzeko informazio hitzaldi batzuk eskainiko dituzte auzo desberdinetan:
- Urriaren 11n, Amaia KZn.
- Urriaren 13an, Palmera Montero Gunean.
- Urriaren 24an, Artiako auzo-elkartean.
- Azaroaren 9an, Meakako auzo-elkartean.
- Urriaren 26an, Elitxu-Lapitze auzo-elkartean.
- Azaroaren 2an, Kateako auzo-elkartean.
- Azaroaren 7an, Antzarango auzo-elkartean.
- Azaroaren 23an, Anaka-Puianako auzo-elkartean.
Aurkezpen hauetara joateko ez da aurrez izena eman behar, baina eskertuko luketela abisatzea adierazi du udalak 943 021 792 edo 688 75 52 98 telefono-zenbakietara deituta edo mezu elektroniko bat bidalita. Mezuan izen abizenak eta zein saiotara joan nahi den adierazi behar da.