0 km kultur egitasmoaren bigarren zatia egingo dute
Rockin velvet talde oreretarrak kontzertua eskainiko du ostegun honetan doan, Sargia tabernako terrazan.

Martxoan 0 km kontzertu akustikoen zirkuitu bat sortu zuen udalak, hiriko musikariei laguntza emateko eta hiriko ostalaritza dinamizatzea helburu zuena. Aurkezpena egin zutenean adierazi zuten bigarren zati bat edukiko zuela egitasmoak eta orain hasiko da.
Irailaren 29an, Rocking velvet taldeak kontzertua eskainiko du Sargia tabernako terrazan, 20:00etan. Sarrera beste aldietan bezala doakoa da, eta Irun Zuzenean jaialdiaren aurrerapena izango dela azaldu dute. Festibalera joateko harpideentzako zozketa egiten ari da HITZA.
Rockin velvet talde oreretarra Ariadna E.Osa eta Dani Fernandez gitarra jotzaileak osatzen dute. Aurten sortutako taldeak rock klasikoen bertsioak egiten ditu eta ibilbide luzea dute jatetxe, terraza eta ekitaldietan zuzenekoak egiten.
Formatu klasikoa ekiditen saiatu direla azaldu du udalak, eta hortaz, zutik joko dute, “rock- talde baten estiloan, perkusiozko beste musika-tresna batzuekin eta den-dena zuzenean, grabatutako oinarririk gabe”.
Oraingoz kontzertu bakarra aurreratu dute eta datozen egunetan 0 km egitasmoaren bigarren zatiaren berri gehiago emango dituztela esan dute.