"Udala arduraz jokatzen ari da"
Egoera azaltzeaz gain, enpresa eta garbitzaileen arteko negoziazioan egin diren eskaintza berrien berri eman dute.
Gaur goizean garbiketa eremuan dagoen gatazkaren inguruko egoeraz mintzatu dira Txomin Sagarzazu alkatea, Juan Mari Altuna Ogasun eta Kontratazio zinegotzia eta Juan Luis Silanes Hezkuntza zinegotzia, udalaren ikuspegia azaltzeko asmoz.
Azken egunetan udalari esku hartze eza leporatu eta erantzukizuna eskatu dio Talaia eskolako familien elkarteak. Horren aurrean “kezkekin” bat egiten dutela adierazi diete Talaia eskolako zuzendaritzari bai eta familien elkarteari ere. Eta “zalantzarik egon ez dadin” udalaren nahia garbiketa zerbitzu egokia eskaintzea dela azaldu dute.
Egoera honetan, Sagarzazuk udalaren izenean, beste behin helarazi du greba eskubidea errespetatzen dutela, baina horrek “ondorio batzuk” ekarri dituela. Zehazki, eskubide hori gauzatzeko “finkatuta dagoen markoaren arabera” beste eskubide batzuekin talka egin duela. Arazoarekin amaitzeko, garbitzaileen ordezkariei eta enpresari, negoziazio prozesuan “sakon dezatela” eskatu diote.
Negoziazio prozesua
Garbitzaileen eta ISS enpresaren negoziazioak aurrera darrai eta udalaren ustez gainera, “bizi-bizirik” dago. Juan Mari Altunak prozesuaren inguruko xehetasunak gogorarazi nahi izan ditu. 2021ean egindako azken konkurtsoan ISS enpresari egokitu zitzaion esleipena. “Sukaldeko lana” egin ondoren, ekainean dokumentu bat landu eta uztaileko udalbatzan onartu zen. Kontratua berriz abenduan sinatu zen. Pleguetan “adostasuna” izatera heldu zirela eta beraz, urtarrilera arte “inongo arazorik egon ez” zela aditzera eman du. Desadostasuna beraz urtarrilean hasi zen, “plegu berriak atera baino lehen negoziatu zezaketen, baina bakoitzak jakingo du zein den bere estrategia”.
Eskakizun berria
Hondarribian bertako garbitzaileen hitzarmena aplikatzen da, ez estatuko hitzarmena edo gipuzkoakoa. Garbitzaileek hitzarmena berritzeko eskaeran, besteren artean, KPI aplikatzeaz gain, hau da, %6,4a, (joan den abenduan zegoen KPIa hartzen dute erreferentzi gisa) %8ko igoera gehitzeko eskatzen dute. Guztira %16,4ko igoera izango litzateke. Zinegotziaren ustez honako igoera ezinezkoa da, “denak ikusten dugu ezinezkoa dela”.
Joan den astean, (hilak 19) ELAk aurkeztutako proposamena baztertu ondoren, ISS enpresak proposamen berri bat egin zuelaren berri eman du Altunak. Datozen bost urteetan soldatan %3,5 finkoaren igoera proposatu dute, udalarekin adostua duten %2az gain. Hasiera batean, proposamenaren inguruan hitz egiteko datorren astean ziren biltzekoak, baina Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuak astebete atzeratu du bilera. Urriaren 4an izango da.
Udaletik argi dute baldintzak beti “hobetzen” joan behar direla eta zentzu horretan, “arduraz” jokatzen ari direla, “hitzarmena langileak eta enpresak adostu behar dute eta adosten dutenarekin guk aurrera egingo dugu”.
Joan den asteko bilaren ondoren, ELA sindikatuak, ISS enpresa fede txarrez jokatzen ari zela salatu zuen. Zentzu horretan, udalak argi utzi du ez du inorren fede txarrean sinesten.
Hezkuntza departamentua
Negoziazioek aurrera egin bitartean, eskoletan ematen ari den egoerari irtenbide bat emateko Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza departamentuarekin harremanetan egon dira. Osasun publikoak eskolako egoeraren azterketa bat egin zuen, baina udalak esku hartzeko heldulekurik izan ez duela aipatu du Sagarzazuk: “ez dugu heldulekurik izan txosten horrekin nahiko genukeen baldintza onetara ekartzeko”. Hori horrela, enpresa eta garbitzaileak negoziaketan dauden bitartean beste “aterabiderik ez” dagoela ondorioztatu du alkateak.