"Sexu-esplotazioa eta salerosketa gutako bakoitzarengandik oso gertu gauzatzen diren delituak dira"
Txingudiko Elkarte Feministak sexu-esplotazioa eta emakumeen nahiz nesken salerosketa salatzeko ekintzak egin zituen ostiralean.
Sexu-esplotazioaren eta emakumeen nahiz nesken salerosketaren gaia kalea atera zuen Txingudiko Elkarte Feministak ostiralean. Colon pasealekuan hainbat ekintza egin zituzten irundarrak sentsibilizatze aldera. Urdanibia plazan egin zuten ekitaldia, txalapartariekin. “Sexu-esplotazioa eta salerosketa gutako bakoitzarengandik oso gertu gauzatzen diren delituak dira, gure kaleetan eta plazetan, gure eraikinetan eta espaloietan”, adierazi zuten elkartekideek ostiralean. Izan ere, ostirala Giza Trafikoaren eta Sexu esplotazioen aurkako Nazioarteko Eguna izan zen.
Aske eta seguru bizitzeko eskubidea da, oinarrian, ostiraleko ekintzekin aldarrikatu zutena. “Esklabo edo neskame morri ez izateko eskubidea; nahitaezko lana eta zorren ondoriozko zortasun-baldintzetan lan ez egiteko eskubidea; torturarik edo-eta tratu eta zigor krudel, anker edo umiliagarririk ez jasateko eskubidea; genero indarkeriarik ez jasateko eskubidea”, esan zuten Urdanibiako ekitaldian.
Horiei aurre egiteko bi aukera daudela adierazi zuten Txingudi Elkarte Feministako eledunek: herritarren sentsibilizazioa, batez ere emakume horietaz baliatzen jarraitzen duten gizonena, “eta kalera irtetea, guk ikusten zaituztegula, existitzen zaretela eta gure herrialdean oraindik esklabo sexualak daudela oihukatzeko, hori errealitate nabarmena eta agerikoa baita.
Zentzu horretan, erakunde publikoei deia egin zieten. Batetik, nabarmendu zuten Irungo Udalak eskumenak dituela emakumeen salerosketarekin eta sexu-esplotazioarekin lotutako jarduerak modu publiko eta agerikoan egiten diren “leku asko” ikuskatu eta kontrolatzeko. Gogorarazi zuten, aldi berean, Jaurlaritzak eta Ertzaintzak horren gaineko eskumena ere dituztela. Eta legeei dagokienez, Espainiako Gobernuak eta Parlamentuak beharrezkoak diren lege aldaketei ekin behar dietela, “emakumeen esplotazioarekin irabaziak dituzte mafia antolatuak eraginkortasun handiagoz jazartzeko. Justizia organoei ere galdegin diete “lehentasuna” eman behar dietela emakumeen esplotazioarekin irabaziak lortzen dituzten gizabanakoak, enpresak era erakundeak jazartzeari.
“Salerosketa eta sexu-esplotazioaren biktimak aintzat hartzen ez direla ere salatzen dugu, bai eta babes-neurriak eta aintzat hartzeko protokolo berriak ezartzeko beharra ere; horietan, bizirik atera direnen elkarteei hitza eman behar zaie, lan handia egiten baitute, eta horiekin bat egiten dugu eta gure babes osoa ematen diegu”, azaldu dute elkartekideek.