Gabonetarako prestatu duten egitaraua, martxan
Izotz gainean patinatzeko pistak edo Anzaran plazan jarriko duten txirrista dira orain artean iragarri dituzten jarduera nagusiak.
Jose Antonio Santano alkateak eta Hiri-bultzako Juncal Eizagirre ordezkariak, hiriko merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreko ordezkariekin batera, Gabonetako kanpainarako lehen planen berri eman dute.
“Joan den urteko Gabonak historikoak izan ziren, eta, aurten, harago joan nahi dugu, Eguberri mundialak antolatuta. Badakigu oraindik denbora geratzen dela, baina gure asmoa da lantzen ari garen ideien berri ematea. Ideia horien helburua da, berriro ere, hiria suspertzen laguntzea eta tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzea. Jende guztiarentzako jarduerak izango ditugu, baina dagoeneko esaten dugu berritasun handi bat izango dugula; izan ere, inoiz baino metro karratu gehiago izango ditugu patinatzeko, hiri osoan hiru pista jarrita”, aurreratu du alkateak.
Izotz sintetikoko hiru pista ezarriko dituzte hiri osoan. Nagusia Luis Marianoko lorategietan jarriko da, abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra. 800 metro karratu inguruko azalera batean, pista hori Eguberritako azokatik oso gertu egongo da, azoka Zabaltza plazan jarriko baita abenduaren 16tik urtarrilaren 5era.
Abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra ere, izotz pista txikiago bat jarriko da Pio XII plazan. Pista hori estalita egongo da, eta 320 metro karratuko azalera izango du. Egun horietan ere hirugarren pista bat ezarriko dute Sargiako parkean, 150 metro karratu izango dituena, eta batez ere haurrentzako pentsatua egongo dena.
Izotz pistei erreparatuz, guztira 1.300 metro karratuko azalera izango duten hiru pista ezarriko dira, eta iaz Ficobak lortu zuen zifra errekorra gaindituko dute.
Izotz pistez gain, Eguberritako herrixka jarriko da bigarren aldiz, figurak eta beste atrakzioak izango dituena. Haurrentzako ludoteka zerbitzua ere abiatuko da, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra.
Orain arteko baieztatuko ekintzei dagokionez, txirrista bat jarriko dute Anzaran plazan, Eguberrietako programazioaren egoitza nagusietako bat izango dena.
Lana sarean
Udaletik baieztatu dute hiri-bultzada arloak lanean jarraitzen duela gainerako udal arloekin eta merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorearekin koordinatuta, Eguberrietako kanpainako programa orokorrari itxura emateko. Baieztatu ahala, nobedadeak iragarriko dituztela baietsi dute.