Bruselara, migratzaileen eskubideen alde
Autobus bat irtengo da gaur Irundik Bruselara mugetan hiltzen diren heriotzak salatzeko eta migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko.
Mugak Zabalduz Ongi Etorri Errefuxiatuak, Caravana Abriendo Fronteras eta Itsas Salbamendu Humanitarioa Aita Mari Proiektua elkarteek sustatuta, autobus martxa bat antolatu dute Irundik Bruselara mugetan hiltzen diren heriotzak salatzeko eta migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko. Autobus hori gaur irtengo da Europar Batasuneko hiriburura, 60 pertsonarekin, eta gaur aurkeztu dituzte bidaiaren nondik-norakoak San Juan plazan Caravana Abriendo Fronteras elkarteko Arantxa Odriozolak, Irungo Harrera Sareko Oihana Galardik eta Iparraldeko Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasartek. Martxa Irundik hasiko bada ere, geldialdiak egingo dituzte Poitiers, Paris, Calais eta Liejan, eta hango kolektiboekin ekintzak eta elkartrukeak egingo dituztela baietsi dute.
Urriaren 1ean, larunbatean, 15:00etan, Europar Parlamentuaren aurrean, 150 erakundek babestutako salaketa bat bideratuko da ‘Eskubideak! Hilketarik ez!’ lelopean. Aurrez, ostegun honetan, ordezkaritza bat europarlamentari talde batekin bilduko da aldarrikapenak helarazteko.
Arantxa Odriozolak azaldu duen moduan, 1993tik hona 50.000 pertsona hil dira pasabidean. Caravana Abriendo Fronteras elkarteko kideak azaldu du “Europako mugek heriotza eragiten” dutela, “Europar Batasunak eta Europako gobernuek egiten dituzten migrazio politiken ondorioz”. “Bide legal eta seguru ezak, mugak kanporatzeko akordioek eta beraien militarizazio progresiboak biktimak eragiten” dituela salatu du Odriozolak, eta horren adibide “lazgarri” dira “Marokoko poliziak Tarfayako hondartzan patera batera igotzear zela tiroz hil duen Sahara Hegoaldeko neska gaztea edo Melillako hesian itota hil ziren 37 pertsonak”.
“Erakundeen babesgabetasunak eta nazioz gaindiko dimentsioa aintzat hartzen duen esparrurik ezak, giza duintasuna, hildakoen hil ondorengo eskubideak eta familiek egia ezagutzeko duten funtsezko eskubideak urratzen” dituztela nabarmendu du Odriozolak. Aldi berean, “mugak zeharkatzea lortzen duten pertsonak urte luzez paperik eta eskubiderik gabe bizi eta lan egiten” dutela salatu du kideak, eta irregulartasun egoerak “lan esplotazioa, erakundeen aurrean ikusezintasuna, lege babesgabetasuna eta hezkuntza edo osasuna bezalako zerbitzu publikoak baztertzea dakarrela” azaldu du.
Bukatzeko, Caravana Abriendo Fronterasek errekonozimendu bat egin nahi izan die migratzaileei eta Irungo Harrera Sareari egiten ari diren lan sakonarengatik. Irungo Harrera Sarearen izenean, Oihana Galardik “eskerrak” eman dizkie Caravana Abriendo Fronteras elkarteko kideei “martxaren hasiera Irunen egiteagatik”. Horrez gain, “hemen eta muga guztietan gertatzen dena eta gure ahotsa Bruselara eramateagatik” ere eskerrak eman dizkie Galardik.