Aurrekontu Irekien karpa gaur Hondarribian
Arratsaldeko 20:00ak arte Martxoak 8 plazan egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako karpa. Herritarrek hamar proposamen aukeratzeko aukera izango dute.
Gaur goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte Hondarribian izango da 2022-2023ko Aurrekontu Irekien karpa. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua, Mikel Pagola Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria, Txomin Sagarzazu alkatea eta Maria Serrano zinegotzia izan dira bertan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko urtean abiarazi zuen 2022-2023ko Aurrekontu Irekiak kanpaina. Egun bigarren fasean aurkitzen da. Lehenengo fasean herriz herri, herritarren proposamenak, hutsetik, jasotzen aritu ziren. Azterketa baten ondoren, aurkeztutako guztien artean hogeita hamasei aukeratu zituzten. Bigarren fase honetan, berriz, proposamen horietako hamar aukeratu behar dituzte herritarrek.
Alor guztietako proposamenak daude: gizarte politikak, ekonomia, enplegua eta turismoa, euskara, landa-mundua, gazteria eta kirolak, mugikortasuna, ingurumena, bide-azpiegiturak, eta berdintasuna eta aniztasuna.
Kanpainarekin lau eskualde eta 20 herri igaroko dituzte. Mendozaren iritziz jasotzen ari diren erantzuna positiboa izaten ari da: “oraindik proposamenak aurkezteko epea ez da bukatu. Urriaren 7an amaitzen da, baina proposamen maila handia jaso dugu. Uste dut aurreko urteetan baina gehiago”.
Proposamenak online eta offline egin daitezke; posta bidez, herriz-herri ipinitako karpetan, udaletan edo aldundian.
Kanpaina honen helburuetako bat gizartean dauden gabeziak ikustea da eta horretarako “herritarren betaurrekoak” jantzi behar zituztelaz ohartu ziren. “Gogoeta egin genuen Gipuzkoako Foru Aldundian eta ikusi genuen arrakala handia zegoela herritarren eta erakundeen artean eta politika egiteko modu berriak behar genituela, kultura politiko berri bat. Hortik sortu zen Etorkizuna Eraikiz”.
Aurrekontu Irekien kanpainaren bigarren fasea amaitzerakoan, asmoa hautatutako proiektuak martxan jartzea da. “Bi urteko epea dugu hori egiteko. Eta aldi berean, datorren aurrekontu irekien proiektuarekin hasiko gara, alegia, berriro ere herriz herri herritarrengana hurbildu eta haiei proposamen berriak eskatu. Guk ere lanketa honekin jarraitu nahi dugulako etorkizunean”.