Gorenak ezetsi egin du Irungo udaltzainen euskara eskakizunei buruzko helegitea
EAEko Auzitegi Nagusiaren iazko epaiari Irungo Udalak jarritako kasazio helegitea ez du onartu Auzitegi Gorenak. Argudiatu du udalaren idatziak ez duela betetzen legearen exijentzia nahikorik.
Forma akatsa iritzita, Auzitegi Gorenak atea itxi dio Irungo Udalari. Euskadi Irratiak aurreratu duenez, Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien aretoak ez du tramiterako onartu udalak euskara eskakizunaren alde aurkeztutako kasazio helegitea. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzako Kontseiluak ebazpenaren gaineko kezka nabaria azaldu dute.
Iaz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela Irungo udaltzain lanposturako deialdietan euskara jakitea eskatzea. Epaiak haserrea piztu zuen, eta udalak berak kasazio helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak ez du hura onetsi. Idatziak legez bete beharreko exijentziarik ez duela bete iritzi dio auzitegiak. Hortaz, itxitzat eman daiteke auzibide hori.
Irungo hamabi udaltzain lanpostutarako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, eta erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOOk. Iazko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak argudiatu zuen eskakizun hori «diskriminatzailea» zela euskara ez dakitenentzat.
Auzitegi Nagusiaren erabaki hura irmo deitoratu zuten Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, iritzita euskaldunek administrazioan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea urratu zela eta epai «politikoa» zela.
Epai hark bere erabaki baten kontra egin zuela eta, Irungo Udalak auzibidean aurrera egin zuen aste batzuk geroago. Une hartan, aukera ikusten zuen Auzitegi Nagusian bertan helegitea jartzeko, baina auzialdian gora, Gorenera jotzeko asmoa zuela baieztatu zuen. Hamabost hilabete geroago, Gorenak amaitutzat jo du auzi jakin hori.
Printzipioz, baina, ez luke zertan eragin antzeko beste auzietan. Izan ere, aste berezi batean etorri da kasazio helegitea aintzat ez hartzeko Gorenaren erabaki hori. Udaltzainen 2021eko lan poltsari UGT sindikatuak aurkeztutako helegite baten harira, asteon Gasteizko Administrazio Auzitegiak ere «diskriminatzailetzat» jo du euskararen ezagutza eskatzea tokiko poliziei.
Erabaki horren aurrean, Jaurlaritzak irmo salatu du epaiaren edukia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Gasteizko epaitegi horrek ez du aintzat hartu lau hamarkadaz administrazioan egin den bidea.
Ez du mamia aztertu
Jaurlaritzak helegitea aurkezteko asmoa iragarri du aste honetan, Gasteizko auzian, eta testuinguru horretan etorri da Irungo udaltzainen inguruko Gorenaren erabakia. Dena den, aintzat hartu behar da Auzitegi Gorena ez dela sartu auziaren mamia aztertzera oraingo honetan. Ondorioz, juridikoki ez du eman behin betiko argudiorik. Ustez, Jaurlaritzaren helegite horrek oraindik bidea luke egiteko, beraz.
Iritzia. Joxe Mari Pastor: “Nicoren amultsutasun linguistikoa”.