Udal aldizkariak 100 ale ditu jada
Herritarrek datozen egunetan jasoko dute udal aldizkariaren ale berria. Irungo etorkizuneko geltokiaren infografia bat dakar azalean.
Irungo herritarrek udal aldizkariaren 100. alea jasoko dute datozen egunetan. Honakoa da 2022. urteko hirugarren zenbakia, eta azalak Irungo etorkizuneko geltokiaren infografia dakar. Gai hori aldizkariko orrialdeetan garatzen da, 70 milioi euro balioko duen operazio guztiaren irudi eta datu gehiagorekin osatua. Irungo trenbide eremua berritzeko ‘Vía Irun’ proiektu osoaren funtsezko pieza da etorkizuneko geltokia, eta geroz eta hurbilago dago. Momentu honetan, ADIFen lizitazio fasean dago proiektua.
Aldizkariaren hiru digituak ezin zitezkeen oharkabean pasatu ale honetan, eta, hori dela eta, erreportaje bat egin dute aldizkariaren ibilbidea gogorarazteko. Udal aldizkaria hiru hilean behin Irungo Udalaren gaurkotasuneko gaien, herriarentzako zerbitzuen eta intereseko jardueren berri emateko sortu zen. Aurreko zenbakietako azalek ilustratzen dute 100. alea gogorarazteko idatzi duten erreportajea. Horien artean dago Jose Antonio Santano alkateari ale batean egin zitzaion elkarrizketa, zeinetan udal aldizkaria balioan jarri duen.
Gainerako orrialdeetan herriarekin zerikusia duten hainbat gai jorratzen dira; hala nola, Irungo udako balantzea iruditan, mugikortasun iraunkorraren aurrerapenei buruzko erreportaje bat, hirian berriki egin diren berrurbanizazioen informazioa edota adineko pertsonentzako zortzi zentroen eta haien jardueraren gainbegiratu bat.
100. alea ohiko atalez dago osatua: udal taldeei irekitako tribunak, udal gaurkotasuna formatu laburragoan edo ‘Barrutik’ atala. Kontrazala, berriz, Irun Zuzenean jaialdiari eskaini diote. Hilaren 30ean eta urriaren 1ean egingo da musika jaialdi hori. Aldizkaria etxean jasotzeaz gain, Irungo Udalaren webgunean ere eskura daiteke.