Euriak ere ez ditu gelditu Talaia eskolako guraso eta familiak
Arratsaldeko 17:00etan puntu-puntuan irten dira Biteri eraikinetik. Irungo zein Hondarribiko herritar ugari babesa ematera gerturatu dira.
Esan eta egin. Euriak ere ez ditu gelditu Talaia eskolako guraso eta familiak. Arratsaldeko 17:00etan puntu-puntuan irten dira Biteri eraikinetik. Manifestaldian Talaia eskolako egoera “jasanezina” dela salatu, eta udalari erantzukizuna eskatu diote. Kolore biziz “eskolako zaborra udalaren ardura” eta “udala mugiri” zioten pankartak erakutsi dituzte.
Honakoa ez da Talaia Eskolako Familia Elkarteak udalaren erantzukizuna mahaigainean jartzen duen lehen aldia. Azken egunetan udal gobernuak bilera ugari egin ditu, baina, sare sozialetan, bilera horiek guztiak “errepikakorrak eta berdintsuak” direla eta “egoera aldatzea bultzatzen ez” dutela deitoratu dute. “Gauza bat gaizki ateratzen bada, gauza berbera 1.000 aldiz errepikatzeagatik ez da emaitza ezberdina lortuko”, azaltzen zuten txio batean.
Horregatik guztiagatik udalari “ardura” hartzeko eta eskoletan irakasle zein ikasleen osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak har ditzatela eskatu dute manifestariek.
Babes ugari
Asteazkenean Txingudi Ikastolako Guraso Elkartetik babesa eta sostengua adierazi zioten Talaia hezkuntza komunitateari. Beren ustetan ikasleen ongizatea bermatu ahal izateko ezinbestekoa da langileek “baldintzak duinak” izatea. Hori dela-eta, gaur arratsaldeko manifestazioarekin bat egin dute.