Sultana Jaya aktibista sahararrari harrera egin dio udalak
Arratsalde honetan eskainiko du hitzaldia aktibista sahararrak Amaia KZn, 19:00etan.
Sultana Jaya aktibista sahararra Irunera iritsi da gaur goizean eta harrera egin diote udaletxean alkateak eta Lankidetzako ordezkari Santi Jimenez, udalkide gehiagorekin batera. Giza eskubideen aldeko aktibista da eta gaur arratsaldeko 19:00etan hitzaldia eskainiko du Amaia KZn.
Ongi etorrian Jayaz gain, Jadiyetu El Mohtar, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaria izan da, baita Itsaso Andueza ere, Euskal Fondoa erakundeko Sahara Unitateko kidea.
Bira bat egiten ari da aktibista eta asmoa Mendebaldeko Sahararen egoera larria eta sahararrek han bizi dituzten urraketen berri ematea da. Hassaniaz hitz egingo du eta gaztelaniaz itzuliko dute momentu berean.
Jaya Sultana
Bojadorren jaio zen Sultana, Mendebaldeko Sahararen ipar kostaldean eta 41 urte ditu egun. Giza Eskubideen aldeko aktibista da eta lurraldea berreskuratzeko bertako herria egiten ari den borrokan buru belarri dabil.
Familia banatua du kanpamenduetan eta okupatutako lurraldeetan, baina berak hiri okupatuan geratzea erabaki zuen Marokoren okupazioaren aurka aritzeko. 2010ean, Giza Eskubideen Defentsarako eta Natur Baliabideen Espoliazioaren aurkako Liga Sahararra sortu zuen beste batzuekin batera, eta gaur egun, liga horren buru da.
Urte eta erdi etxean atxilotuta egon zen bere ama eta ahizparekin batera inolako arrazoi legalik gabe eta aurtengo ekainean lortu zuten irtetea GKE batzuen laguntzarekin.