Irungo osasun arretari buruzko galderak erregistratu ditu Elkarrekinek Eusko Legebiltzarrean
30 urtera begira garatuko den Irunerako plan integral bat galdegin diote Osasun Sailari. Hirugarren anbulatorioaren plana ea zertan den jakin nahi dute ere.
Irungo erdiguneko anbulatorioan agerraldia egin du gaur goizean Elkarrekin Podemos alderdiak, hiriko osasun arretaren egoera, beste behin, salatzeko. Eusko Legebiltzarrean galdera batzuk erregistratu dituzte plan integral bat eskatuz eskualdearen osasun arloari dagokiona 30 urteetara begira.
Erdiguneko osasun zentroa Euskadin tentsio gehien jasaten duena dela adierazi du David Nuño alderdiko bozeramaileak, baita ratio altuena duen zentroa dela ere, 28.000 paziente artatzen ditu egun. Egoera hau ez dela pandemiarekin hasi nabarmendu du eta oraingo testuinguruan larriagotu egin dela arreta. “Itxarote-zerrenda luzea dagoela ikusi dugu, zerbitzuak murriztu egin dira eta horietako bat, urologiarena, ezabatu egin da. Anbulatorio urriak ditugu, eta etorkizunerako aurreikuspenik ez”.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren politikei erreferentzia egin die Nuñok, “kudeaketa txarra” dela esanez eta horiek eragina dutela Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelen berrikuntza lanetan. “Gogoratuko duzuenez, arazoa erori egin zen eta ESIko gerentearen dimisioa izan genuen”. Hori guztia Osasun Bidasoa plataformari eta honek lortu duen herritarren babesari esker lortu dela aitortu du. Eusko Jaurlaritza inprobisatzen ari dela salatu dute eta horren erakusle dela barrakoiak eskatzea Dunboako anbulatoriorako eta Urdanibia plazako osasun mentalaren erietxerako.
Dagoeneko osasun zerbitzu pribatura jo behar izan duten herritarren testigantzak jaso dituztela adierazi du Nuñok. “Pertsona horiek ezin izan dute ordaindu, eta hortaz, ezin izan diete behar bezala artatu. Egoera hau oso mingarria da”. Sagarduirekin bilera izan zuten uztailean eta irailean beste bat izango zutela aurreratu zien arren, oraindik ez dute batzar horren hitzorduaren berririk.
Maite Etxebeste alderdi kideak ere hitza hartu du eta azken aldian Legebiltzarrean eta beste espazioetan puri-purian dagoen gaia dela arretarena dio, baina Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeen egoera “oso txarra” dela gogoratu du. “Zarata horren barruan ahaztu egiten da eskualde batzuk askoz ere okerrago gaudela eta gure kasua, hain zuzen ere, zarata horretan galdu daiteke”. Biztanleria handitzen ari dela eta horrenbestez neurri berean hazi beharko lukeela zerbitzua esanez amaitu du prentsaurrekoa.