«Hego Ameriketan badaude mota askotako euskaldunak»
Irunen egongo den lagun lantalde baten babesarekin, euskaldunen istorioen bila abiatuko dira etzi Hego Ameriketara Iñaki Goikoetxea eta Maitane Lopez irundarrak.
Ibilbide kultural bat hasiko dute igande honetan Iñaki Goikoetxea Arrufat eta Maitane Lopez Iñarra irundarrek Hego Amerikan zehar. Zazpi hilabetean, zazpi herrialde ezagutu nahi dituzte, baina helburu batekin: euskal diaspora ezagutzea. Proiektuak Hemen gaude. Hego Amerikako euskaldunon urratsetan izena du, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren graduondoko bukaerako lan batean teorizatutakoa praktikan jartzea du xede.
Lan asko egin duzue igandean bidaia abiatzeko.
IÑAKI GOIKOETXEA: Orain dela bi urte hasi zen proiektu hau. Bidaia luze bat egin nahi genuen, baina zentzua zuena. Piezak lotu ditugu eta bidaia egiteko nahiaz gain, euskal kulturarekin lotu eta ikasketa haiei buruz proiektu bat garatu nahi izan dugu. Azkenean, Hemen gaude proiektua aurrera atera da.
MAITANE LOPEZ: Proiektua plantea- mendu teoriko bat da, baina aurrera eramateko mapa bat erosi genuen, puntuak kokatu eta ibilbide bat sortu genuen bisitatu nahi genituen puntuak jarraitzen zituena. Hortik aurrera gauza pila bat begiratu ditugu, tartean, hilabeteen araberako toki aproposenak. Han dauden pertsonekin harremanetan jarri gara, ezagutzak gurekin parteka zitzaten.
Euskaldunen istorioak sareetan zabaldu nahi dituzue.
I. G: Hego Ameriketan badaude mota askotako euskaldunak. Alde batetik, badago euskal etxeen inguruan dagoen komunitate hori. Agian hain euskaldunak ez direnak, euskaraz ez dakitenak, baina folklorearen bueltan ibiltzen direnak. Beste aldetik, harago joan nahi dugu eta hemendik hara joandako emigranteen istorioak ere bilatu nahi izan ditugu. Lankidetzan ibiltzen den jendearekin ere jarri gara harremanetan. Bidaia, Hego Ameriketako euskaldunei begirada bat emateko izango da, eta istorio batzuk aukeratzea horiek kontatzeko.
Euskaldunek kolonizatu egin zuten lurralde hori. Zein irakurketa egin duzue?
I. G: Euskal etxeetaz hitz egiten dugunean, hor dago folklorearen parte bat, baina ikuspuntu orokor bat da nahi duguna. Kontuan izan nahi dugu kolonizazioa, eta historialari batekin hitz egin nahi genuke. Edota memorialak dauden tokiak bisitatu nahi ditugu, historiarekin kritikoak izateko eta parte hori ere kontuan izateko. Adibidez, Buenos Aires izango da bisitatuko dugun lehen hiria, hiri horren sortzailea euskalduna izan zen, eta hori bakarrik kontatzen badugu garaileek kontatzen duten historia kontatzea litzateke, eta guk beste partea ere kontatuko dugu.
Sare sozialetan partekatuko dituzue istorioak. Nola eman diozue horri forma?
I. G: Pilulak sortu nahi ditugu bidea egin ahala. Ondoren bakoitzak sakon dezala interesekoa iruditu zaion gaian. Gai honi buruz asko hitz egin da, baina sare sozialetan edukirik ez dagoela uste dugu, are gutxiago euskaraz.
M. L: Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu. Facebook helduenek erabiltzen dute, Tik Tok gazteenek eta Instagram eta Twitter erdi bidean daude.