Lan kontratu berriak egingo ditu udalak 1,2 milioi euro aktibatzeko asmoz
56 lanpostu sortuko dituzte eta horien kontratuak zuzenean egingo ditu Irungo Udalak, Bidasoa bizirikek, Txinzerrek eta Mendibil elkarte pedagogikoak.
Lana sustatzeko lau ildo garrantzitsu jarri ditu martxan Irungo Udalak, Ogasuneko eta Ekonomiako ordezkariak gaur azaldu duenez. Irun Ekintzan planaren barruan sartu dituzte ildo hauek eta horietarako eskabidea aurkeztu zen Lanbiden, enplegua sustatzeko laguntzeko deialdietan. Urtero egiten du hau udalak eta 1,2 milioi euro aktibatu nahi dituzte.
Miguel Angel Paez Ogasuneko ordezkariaren hitzetan “Irun Ekintzan proiektuaren barruan ekimen hau gauzatzeko lortutako akordioa da. Esfortzu garrantzitsua da, eta administrazioak baliabideak abian jartzea dakar, enpresen lankidetzarekin, eta helburua da kolektibo horiei aukera bat ematea izango da”.
56 lanpostu sortuko dituzte eta horien kontratuak zuzenean egingo ditu Irungo Udalak, Bidasoa bizirikek, Txinzerrek eta Mendibil elkarte pedagogikoak. Enplegua sustatzeko kontratuak izango dira eta horiei gehitu egin behar zaie gazteei berariaz zuzendutako kontratazioak.
Tokiko ekintzei dagokienez, 45 lanpostu iragarri dituzte; profil nagusiak dira administratzaileak, agente zibikoak eta hiriko mantentze. lanetakoak dira, bai eta teknikariak ere, hein txikiagoan. Deialdi hau laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago, hala nola, DSBEa jasotzen duten pertsonak, 55 urtetik gorakoak edota 45 urtetik gorako epe luzeko langabeak.
Hala ere, aurtengoan, beste urteetan ez bezala, ez da derrigorrezkoa 55 urtetik gorakoak eta DSBEa jasotzen duten pertsonen derrigorrezko kontratazio kupoak betetzea, eta hala eta guztiz ere, Irungo Udalak lana bilatzeko arazo handienak dituzten profil hauek lehenesten jarraitzeko erabakia hartu duela azaldu du, “beraiek baitira laneratzeko aukera gutxien izaten dituztenak, oro har. Ia kontratu guztiak 6 hilekoak eta lanaldi osokoak dira. Hautaketa prozesuak datozen asteotan hasiko dira, eta kontratu guztiak abenduaren 31 baino lehen sinatuko dira.
Gainerako 11 lanpostuetarako bi deialdi zabaldu dituzte; gazteei zuzendutako plazak dira, 16 eta 30 urte bitartekoentzat eta kualifikazio altua eskatzen dutela azaldu dute. Bi deialdietako bakoitzak bere berezitasunak ditu: lehenengoa irekiagoa da, eta bigarrena, «Lehen esperientziak» deitutakoa eta Europako NEXT funtsekin finantzatua, ingurumena zaintzeko eta digitalizazioko proiektuak garatzera bideratua dago. Aipagarria da irekita daudela oraindik ere 7 lan-eskaintza. Lanbideren webgunean kontsultatu daitezke.
Kasu guztietan, Irungo Udalak zuzenean eginiko kontratazioak dira, eta 12 hileko iraupena izango dute, lanaldi osoan. Helburu nagusia da gazteek esperientzia lortzea beren prestakuntzaren alorreko lanpostuetan, gerora lan-merkatuan lana bilatzeko dituzten aukerak hobetzeko.
Udalaren ekarpen gehigarria
Next Generation funtsen zenbait deialdi egin direnez, Lanbidek murriztu egin du tokiko mailan enplegua sustatzeko ekintzen deialdiko aurrekontua. Edonola ere, Irungo Udalak bere horretan eutsi dio enplegua sustatzeko kontratazioen kopuruari. Udalak egindako 200.000 euroko ekarpen gehigarriari esker izan dela posible hori argitu dute.
Enpresentzako kontrataziorako laguntzei dagokienez deialdia irekita dago eta, jasotako eskabide kopuruaren arabera, 30 pertsonaren kontratazioa finantzatzera ere irits litezke. 2022an kontratazioak egin dituzten enpresek, edota abenduaren 31 baino lehen kontratatzeko asmoa dutenek, laguntza hauek baliatu nahi badituzte, eskabidea aurkeztu beharko dute. Udalaren orrialdean kontsulta daitezke laguntzen oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. 2022ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean hasitako kontratuak lagunduko dira diruz.
Eskabideak aurkezteko azken eguna urriaren 31n da. Lanaldi osoko 6 hileko kontratuen kasuan, 6.000 euro artekoa izan daiteke diru laguntza. Hobari berezia dute –9.000 euro artekoa– honako kontratazio hauek: 45 urtetik gorakoenak, epe luzeko langabeenak eta DSBEa jasotzen dutenenak.
Guztira, laguntza hauek guztiek 1.227.180,65 euroko aurrekontua dute. Kopuru horren % 77 Lanbidek jartzen du, eta gainerakoa Udalak eta, hein txikiagoan, menpeko erakundeek eta hirugarren sektoreko entitateek. Udala honako deialdi hauetara aurkeztu da laguntza horiek eskuratzeko:
- Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako deialdia.
- Euskadiko FSE Plus 2021-2027 programaren esparruan toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen deialdia.
- Administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala finantzatzeko programako laguntzen deialdia, Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Supertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
2021eko deialdiaren balantzea
Iazko deialdiaren balantzea egin du udalak. 2021ean 81 kontratazio egin ziren, 59 lagun kontratatu ziren Irungo Udalaren, Bidasoa bizirik-en eta hirugarren sektoreko erakundeen “enplegua sustatzeko” programen bidez. Kontratatuen % 48 emakumeak izan ziren, % 38k DSBEa jasotzen zuten eta % 28k 55 urte baino gehiago zituzten.
Aurreko deialdiko enpresek kontratuak egiteko laguntzei dagokienez, berriz, 31 pertsona kontratatzeko laguntzak eman ziren. Horien % 52 emakumeak ziren, eta % 61ek 35 urte baino gutxiago zituzten.