[Erreportajea] Bizitza ospatzeko opagaia
Lau urte pasa dira Fermin Muguruzak bere lehen pelikula kaleratu zuela, eta orain bigarren zatia estreinatzear da. Bere esentziari eutsi dio irundarrak, eta musikak pausoz pauso bideratuko du narrazioa.
Historia errepikatu egiten denaren zantzuak topa daitezke nonahi. Berriro ez hori gertatzeko memoria historikoa beharrezkoa da. Azken aldian, gainera, horretan lanean dihardute alor desberdinetako profesionalek, horien artean zinemagileek. Agian ahanzturan ez erortzeko eta bizitakoagatik ikasteko eramango du ikuslea 1980ko hamarkadara Black is Beltza II: Ainhoa filmak. Garai horiek bizi ez zituztenek ere badakite euskal kulturan, politikan, gizartean eta ekonomian eragin handia izan zutela, eta euskara bere lekua berreskuratzen ari zela, esate baterako. Ezagutza hori transmisioari esker gauzatu da, eta hori jaso ez dutenek, aukera ederra dute errepaso bat egiteko Ainhoa Ugalde pertsonaiarekin. Ainhoa, Black is Beltza lehen obrako Amanda eta Manex Ugalde pertsonaien alaba da, eta iniziazio bidaia luze batekin munduko mugimendu politikoetan murgilduko da.
Hamarkada hori gogoratzeko genero bat ezartzekotan euskal rock erradikalarena aipa daiteke, baina atzerrira begiratuta beste doinu batzuk nagusitzen ziren. Entzumenaren bidez garaiak eta lekuak identifikatzeko ariketa egin du Fermin Muguruza musikari eta zine zuzendariak lan honetan, eta horrekin kontakizuna jarraitzeko iparrorratz bilakatu du soinu banda. Horretarako, Maite Arroitajauregi Mursego jatorrizko musikaren arduraduna eta konposatzailea izan du alboan, eta Elkar argitaletxearen estudioen babesa, Andres Kamio Jitu-ren koordinazioarekin. Bestalde, gidoi lanetan zuzendaria bera, Harkaitz Cano eta Isa Campo aritu dira.
Orotara 28 abesti kaleratu dituzte filmari lotutako entzutekoan, disko eta binilo formatuetan. Bai posterra eta bai diskoak MR.ZÉ artista valentziarrak diseinatu ditu, eta bikoizketa lanetan hamazazpi aktore aritu dira, besteren artean, Antonio de La Torre edo Itziar Ituño.
Soinu bandara buelta eginez, Arroitajauregik eman dituen xehetasunen arabera, badaude kantu originalak, «eta badaude kantu original horiek batzen dituzten pasarte musikalak». Kortaturen bi bertsio egin ditu bere, bata Zu atrapatu arte eta bestea Ehun ginen. Lehen filma Anari musikariak bertsio egindako eta Mikel Laboarena den Apur dezagun katea, kanta dezagun batea kantuak itxi zuen, eta bigarren zatiarekin lotura markatuko du, zuzendariaren hitzetan. Ziklikotasuna lana biribiltzeko asmo gisa uler daiteke, Zu atrapatu arte abestiarekin hasiko baita pelikula Kortatukoen bertsio ezagunarekin, alegia. Era berean, obran entzungo den azkena ere izango da, baina kasu honetan Mursego-k egindako bertsioan, zeinetan beretzat dituen harizko instrumentuekin interpretatzen duen.
Bidaia luze batekin munduko mugimendu politikoetan murgilduko da
Sorpresa bakarra dago, kredituetan adituko den kantuaren berri ez baitute eman. Albuma osatzeko falta dena zein den jakiten lehenak gaur Paradisu Zinema bilakatuko den Donostiako Belodromora joango direnak izango dira.
Euskal Herritik, Ekialde Hurbilera
Muguruza asko bidaiatutakoa da, eta bizipenak kontatzerakoan, akaso, narratzeko abilezia garatu du. Hori hala izan ala ez, bidaia bat proposatzen du Ainhoa Ugalderen begietan. Pertsonaiak bisitatuko dituen herrialde askotan lanean aritutakoa da Muguruza, eta horrek marraztu dituen kulturen xehetasunetan nabarmentzeko aukera ematen dio.
Euskal Herritik abiatuko da kontakizuna, zehazki, Donostiako Martuteneko espetxetik. Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea Piti-k ihes egin zuten eguna izango da abiapuntua. Kortatu kartzelan kontzertua eskaintzen egongo da eta munduari bira eman dion Sarri sarri joko dute. Ihesaldia ikusi eta gero, Imanol Larzabal abeslariaren Lau Haizetara-ren letrak ‘Zoaz urruti aidean’ esango die bi iheslariei. Orduan, Kubara iritsiko dira eta bertan ezagutuko dute Ainhoa. Trailerrean ikus daiteke bi euskaldunek beraien jatorria asmatuko dutela, baina Ainhoak aise jakingo du euskaldunak direla eta tratu bat egingo du Sarrionandiarekin: euskara irakastea. Giro horren erritmoa Benny Morék jarriko dio Castellano, qué bueno baila usted abestiarekin. Generazio berriko parte den kubatarrei ere ahotsa eman die zuzendariak, eta Brenda Navarreteren Yemaya entzungo da.
1988an elipsi tenporal bat egongo da. Muguruzaren azalpenen arabera, Iruñera iritsiko da Ainhoa, amatxi Tereren etxera. «Ke poteak, terrorismo poliziala, besteen arazoak, auzo gatazkatsu bat, Txantrea, eta faxistak Donostian» ezagutuko dituela aurreratu zuen Amets Aranguren kazetari eta musikariak soinu bandaren sinopsian. Ordurako euskaraz jakingo du protagonistak, eta hiria, San Fermin txikito festa bete-betean harrapatuko du. Euskal doinuak lehen aldiz entzungo ditu. Eszena horretarako Nikaragua Sandinista kantuaren bertsioa egin du Iruñerriko Broken Brother Brass Band taldeak, «erdi txaranga, erdi neworleansdarra» geratu da zuzendariaren ustez. Iruñeko kaleetan gertatu zena irudikatzeko RIP taldearen Terrorismo policial eta Cicatrizen Botes de humo berreskuratu ditu ere. Spoilerrik ez egiteko komandanteak dio «zerbait gertatuko» dela ondoren, eta Laboaren Ihesa zilegi balitz abestiak kokalekua aldatzeko balioko duela.
Beirut, Libanoko hiriburura eramango ditu jada bidaiari bilakatu diren ikusleak. Ekialde Hurbileko doinuen parada izango da, eta horren gainean Mursego-k azaldu zuen eskualde horren sonoritatea lortzeko instrumentu birtualen bila aritu zela. Sampleatzeko teknika asko ikasi behar izan duela aitortu zuen aurkezpenean. Emaitzan instrumentuak eta harrikadak entzun daitezkeela esan zuen konposatzaileak. Lehenik, South Kills taldearen bi kantu adituko dira, «musika elektronikoa eta musika arabiarra nahasten ditu talde honek», Muguruzak azaldu duenez. Palestinako musika ere presente eduki nahi izan du, eta Amal Murkusen Memories of Palestinian Wound izango da nazioaren ordezkari.
Jauzi bat egingo du narrazioak Afganistan sozialistara eta bi musikarik gogoraraziko dituzte garai horiek, Bakht Zaminak eta Khan Qarabaghik. Biak ala biak fundamentalistek hil zituzten. «Beraien bi abesti lortu ditugu, hori bai izan dela lorpen izugarria». Elkarreko Leire Zugastiri eskerrak eman dizkiote baimenak lortzen egindako lanagatik. Bi musikari horien jarduna politikarekin estu lotuta zegoela dio zuzendariak, eta Victor Jarak Salvador Allenderi kantatzen zion moduan, haiek ere garaiko gobernu sozialistari kantatzen ziotela azaldu du.
Ekialde Hurbileko sonoritatea lortzeko instrumentu birtualen bila aritu da Mursego.
Inguru horietatik irteteko Kurdistan eta Turkia pasako dituzte, Marseillara (Frantzia) iristeko. Istorioa lehertu egingo da bertan eta The Poguesen Turkish Song of the Damned bozgorailuen jabe egingo da. Talde horrekiko begirunea adierazi zuen aurkezpenean Muguruzak «1989. urtean Egin irratian elkarrizketatu nituen, eta film honetan egotea Iñigo [Muguruza] eta biok fanak izanik, zoragarria da». Gainera, anekdota moduan kontatu du Muguruzak talde horretako Darry Hunt baxu jotzailea zendu zela abuztuan, eta pelikularen sare sozialetan samina adierazi ziotela haren gertukoei. Mezu horri erantzun egin zion bihotz gisako erreakzio batekin taldeko abeslaria zen Shane McGowanek. «Motibatu egin gintuen gehiago. Proiektu hau benetan ilusionantea da, eta bizitza ospatzeko tresna bat».
Asia eta Europa arteko Ainhoaren iniziazio bidaiaren azken helmuga Marseilla izango da, Euskal Herria itzuli baino lehen.
Anaia gogoan
Pelikularen bihotza beraiek jarri dutena, eta Iñigo Muguruzarena dela esan du Ferminek. «Hor taupaka dago Iñigorena». Bere anai gazteari omenaldia da bigarren obra hau. 2019an zendu zen muguruzatarren anai txikiena, eta bere musika ibilbide luzean argi utzi zuen zinemarekiko zuen zaletasuna, haren kantuetan topa daitezkeen erreferentziekin. Esan daiteke zinema Iñigoren bizitzaren oso parte garrantzitsua zela, eta hain zen, 2020ko Zinemaldi Alternatiboan, Ferminek Lander Arbelaitz kazetariak egindako elkarrizketa batean anaiaren biografia errepasatzeko hamar pelikula aukeratu zituela. «Oso eskaintza polita izan da jolas baten moduan aukeratzea 10 pelikula. Momentu batzuetan tristetu egiten zara, berak esaten zuen bezala, ‘bizitza triste eta ederra’». Bada, zinemarekiko afizioa gaztegaztetatik datorkiela gogoratu zuen Ferminek. «Irunen bazegoen Uranzu zinema. Garai horretan dena grisa zen, frankismoaren bukaera, eta zinema horretan eskaintzen ziren hiru pelikula pezeta baten truke. Denak generoka eskaintzen zituzten». Halaber, faszinazio bat zutela pelikulen kartelekiko azaldu zuen zuzendariak, «mundu oso bat dira». Zazpigarren artearen bueltako guztia biziki maite zuten.
Eskolatik irteten zirenean aretora maiz joaten ziren. «Iñigok eta biok pelikula guztiak ikusi genituen». Bost hilabetez film berak proiektatzen zituztela oroitzen du, baina frankismoa hil zenean aukera asko zabaldu zela, eta horri segika aritu zirela.
Amatxi Donatarekin zinemara joaten zirela ere adierazi zuen, Luis Mariano musikari eta aktore irundar errefuxiatuaren pelikulak ikustera eramaten baitzituen. «Kontatzen zigun nola Meliton Manzanasek boikota egiten zion Luis Marianori hona abestera zetorrenean». Abeslaria intsultatzeko Polizia eramaten zuen Manzanasek . «El cantor de Mexico Luis Marianoren pelikula ez dakit zenbat aldiz ikusi genuen».
Beti batera, bada, anaiak. Mursegori musika lana enkargatzea ez dela kasualitatea izan argitu du Muguruzak. «Mursego izan zen Iñigorekin batera ikusi nuen azken kontzertua, eta horrek beste balio sentimental bat ematen zion». Hura hil zenetik Ferminek aitortu du egiten duen guztia erlazionatuta dagoela Iñigorekin, «bai musika, harremanak, bidaiak, irakurtzen genuena… beti daukat ondoan». Hortaz, anaiarekin zinemarekiko maitasuna partekatzen zuenez, opagai gisa uler daiteke filma. Anaiak askotan errepikatzen zuen esaldi bat gogorarazi du: «Ez dago iraultzarik kanturik gabe».
Estreinaldiak
Donostiako Zinemaldian gaur estreinatuko da Black is beltza II: Ainhoa filma, Belodromoan, 20:00etan. Aurretik, 18:00etan, Broken Brothers Brass Bandek kontzertua eskainiko du kanpoaldean.
Ipar Euskal Herrian geroago estreinatuko da, eta bertan ikusi nahi dutenek azaroaren 16ra arte itxaron beharko dute. Halaber, Ozeano Atlantikoaren beste aldera ere iritsiko da, eta Argentinan urriaren 20ean estreinatuko dute. Izan ere, herrialde hartako Draftoon ekoiztetxeak bere aletxoa jarri eta animazioak egin ditu, Pasaiako Lotura Filmsekin batera.
Bestalde, literatur zaleagoak direnek eleberri grafikoa eskuetan edukitzeko aukera izango dute, lehenengo pelikularekin bezala. Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz idatzi dituzte, eta urriaren 6an argitaratuko dira. Hainbat argitaletxe ezberdinekin aritu dira lanean.