Baserritar Etorbidea astelehenetik itxita
Astelehenean ekingo diote Jaizkibelgo mendi hegala hobetzeko lanen fase berri bati.
Joan den urteko urrian Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen martxan Jaizkibel mendiko hegalean uholdeak prebenitzeko proiektua, 1.130.000 euroko aurrekontuarekin. Udako hilabeteetan geldirik egon ondoren, hondartzara iristeko hiriko sarbide nagusietako bat zelako, astelehenean ekingo diote berriro ere egokitzapen lanei.
Baserritar etorbideko 51 zenbakitik kalearen amaierarainoko sarbidea bertako bizilagunek soilik erabili ahal izango dute. Trafikoa Juan Ignacio Iztueta kaletik Donostia kalerantz desbideratuko da. Gonzalo Carrion zinegotziak azaldu duenez, asmoa, urrian abiarazi zen proiektua “urte amaieran amaitzea” da.
Egokitzapen lanak
Proiektuak Baserritar etorbidean sare bereiziak sortzeko helburua du. Era horretan Jaizkibelgo hegaletako ura sartzea saihestuko da. Ramon Iribarren kalean ere egingo dituzte sare berezi horiek.