[Elkarrizketa] «Betikoa den zerbait modernizatzen eta egokitzen saiatu naiz»
Lana utzi eta oharkabean sartu zen zeramikaren munduan. ‘Banaka’ hitzak dioen bezala, banan-banan, eskuz eta mimo askorekin egindako piezak egiten ditu hondarribiarrak. Denda zabaldu eta zeramika klaseak ematen ditu orain.

Noiz, nola eta zergatik sartu zinen zeramikaren munduan?
Duela bi urte hasi nintzen. Optika eta optometria ikasi nituen, eta hamar urtez egon nintzen horretan lanean. 35 urterekin estutasuna sartu zitzaidan, beste 30 urte lan hori egiten egon behar nuela pentsatzerakoan. Orduan lana utzi nuen. Zer egin ez nekiela ibili nintzen. Elkarrizketa bat ikusi nuen, zeramista zen neska batena, eta arreta eman zidan. Gero, lagun baten etxera joan eta sarreran zeramikazko faro bat zuela ohartu nintzen. ‘Eta hori?’, galdetu nion. ‘Nire osabak egin du, zeramika klaseetara apuntatu da eta familia guztiari txorakeriak oparitzen ari da’, erantzun zidan. Non apuntatu zen galdetuta Irungo Udal Tailerrean egin zuela erantzun zidan. Bertan hasi, bi katilu egin, eta hori egin nahi nuela konturatu nintzen.
Zeramikan hasi eta bi urteren ondoren zabaldu duzu denda, Banaka markarekin. Nola lan egin duzu orain arte?
Nire etxeko garajean egiten nuen lan. Saioa Aialarekin tornu kurtso intentsibo bat egin ondoren, tornu bat erosi nuen. Garajean trasteleku moduko gela bat nuen, zeinak leihotxo bat zuen. Ez zen horren zuloa! [Barrez]. Joan den urteko irailetik orain arte bertan egon naiz. Hasieran etxekoei gauzak oparitzen nizkien. Gero jendea gauzak eskatzen hasi zitzaidan, eta ia nahi gabe hasi nintzen saltzen. Udaberritik aurrera merkatu asko egon dira. Horietako batera gonbidatu ninduten eta nire produktuak erosten zituztela ikusterakoan gehiago egiten hasi nintzen. Jende askok klaseak emateko eskatzen zidan. Hori da gehien eskatzen didatena, eta noski, ezin nuen jendea nire garajera ekarri. Klaseak emateko, ikastaroak hasteko une aproposena irailean zela pentsatu nuen, ikasturte berria hasterakoan. Abuztuan lokal hau hartzeko aukera izan nuen eta bitan pentsatu gabe egin nuen.
Dendaren inaugurazioa joan den asteko astelehenean izan zen. Zer harrera izan zuen?
Aparta izan zen. Denda ireki baino lehen jende asko zegoen klaseetara apuntatuta. Inaugurazioa lagunekin, familiarekin eta jende ezagunarekin egin nuen, baina eskoletara apuntatutako zenbait ere azaldu ziren, beren burua aurkeztera eta lokala ikustera.
Dagoeneko klase batzuk emateko aukera izan duzu. Zer nolako esperientzia izaten ari da?
Orain arte ez naiz irakaslea izan, eta egia esan, pila gustatu zait, primeran pasa dugu. Jendea ikasteko gogoarekin etortzen da eta klasea bukatzerakoan asko gustatu zaiela esatera hurbiltzen dira. Uste dut jendea kontent dagoela. Talde guztiak beteta dauzkat, asteazken goizekoa izan ezik. Beste talde bat irekitzea pentsatzen ari naiz.
Ikastaroak egiteaz gain zure produktuak saltzen jarraitzen duzu. Nondik jasotzen duzu inspirazioa?
Beti gustatu izan zait dekorazioa, sukaldatzea eta jatea, eta hori guztia dago nahastuta zeramikan. Gauza neutroak eta pixka bat atenporalak gustatzen zaizkit, klasikoak. Uste dut zerbaitek denboran irauten baduela benetan polita delako dela. Ez naiz aldi baterako modetara egokitzen den horietakoa. Ez ditut esmalte kolore ezberdinak erabiltzen, buztin ezberdinak baizik. Batzuetan nik neuk nahasten ditut kolore eta textura ezberdinak bilatzeko. Dena oso naturala izatea gustatzen zait eta buztinari berari protagonismoa ematea.
«Gero eta gehiago apreziatzen da gertukoa eta poliki egindakoa erostea»
Horrek definitzen zaituela esango zenuke?
Baietz uste dut. Zeramika klasikoan buztin klase bat erabiltzen da, eta esmalte ezberdinekin jolasten da kolore edo textura ezberdinak lortzeko. Betikoa den gauza bat pixka bat modernizatzen eta egungo etxe batera egokitzen saiatzen naiz.
Gaur egun erabilera bakarreko produktu asko erabiltzen dira, baina eskuz egindako produktuak indarra hartzen ari dira azken aldian, ezta?
39 urte dauzkat, baina 25 dauzkatenak gu baino kontzientziatuago daudela uste dut plastikoa edo erabilera bakarreko produktuak ez erabiltzerako orduan. Egia da kafea eramateko katiluak, adibidez, asko gustatu zaizkiela lanean kafe makina dutenei. Urte asko igaro ditugu eroen moduan kontsumitzen, eta esango nuke gero eta gehiago apreziatzen dela gertukoa eta poliki egindakoa erostea.
Poliki egindakoari helduta, egia al da zeramikak ahalmen terapeutikoa duela?
Zeramika bada mindfulness pixka bat. Egiten ari zarenean kontzentratzen zara eta buztina ukitzen zure munduan sartzen zara. Noizean behin zerbait egitera etortzen naiz, eta orduak konturatu gabe pasatzen zaizkit. Atzo, adibidez, oso urduria den neska bat etorri zen klasera. Eta hor egin zuen ordubete bere katiluarekin. Nigana etorri eta esan zidan: ‘Aspaldi ez nintzela ordubete gauza batean kontzentratzen nire gauzetan pentsatu gabe’. Oso lasaigarria eta gustagarria da buztina ukitzea.