Artiako kanala birnaturalizatu nahi du udalak
Espainiako Gobernuaren Kosta Sailari dagokio datorren lanak egitea. 4 milioi euroko aurrekontua erabiliko dute.
Irungo Udalak jarraipena eman nahi dio Bidasoa ibaiaren ertza berreskuratzeko lanei eta Artiako errekastoa birnaturalizatzeko proiektua aurkeztu zuten atzo. Dagozkien eskumenean barruan lan egiten dabiltzala argitu dute. Hori horrela, antolamendutik kanpo zegoen eraikin bat eraitsi dute Juan Thalamas Labandibar kaleko 23 zenbakian.
Orain, Estatuaren Kosta Sailera bidali dutela ingurua birnaturalizatzeko proiektua jakinarazi dute. Erakunde hori baita eremuaren titularra eta jarduerak gauzatzeko eskumena duena. Zehazki, proiektua eskura eman zion atzo alkateak Teresa Riberori, Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroari.
Urrats hori eman ondoren, Osinbiril parke periferikoa bukatuko luketela azaldu dute eta Juan Thalamas Labandibar kaleko oinezkoentzako pasealekuarekiko eta bidegorriarekiko konexioa hobetuko litzateke.
Proiektuaren azterlanean jaso dute egin nahi duten birnaturalizazioan ibaiaren ibilguaren trazadura aldatu nahi dute, hormak ordezkatu, ibaiertzak naturalizatu eta ibaiaren ertzetako oinezkoentzako pasabidea eta bidegorria luzatu. Horretarako bederatzi hilabete beharko dituztela aurreikusi dute eta 4 milioi euroko aurrekontua erabili nahi dute.