Alderdi guztiek segurtasun eta bizikidetzaren alde talka plana sinatu dute
Programa prebentibo bat garatu nahi dute elkarte eta entitate desberdinekin eta auzo guztiak aintzat hartuta. 2023 eta 2017 urteen artean egongo da aktibatuta.
Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek bizikidetzaren eta segurtasunaren aldeko ituna sinatu dute eta horren aurkezpena egin dute gaur udaletxeko areto nagusian. Alderdi guztietako bozeramaileak izan dira bertan, Jokin Melida EH Bildutik, Xabier Iridoi EAJtik, Miguel Angel Paez PSE-EEtik, David Nuño Elkarrekin-Podemosetik eta Iñigo Manrique PPtik. Halaber, Jose Antonio Santano alkatea eta Cristina Laborda Udaltzaingoaren ordezkaria ere izan dira ekitaldian.
Alkateak hartu lehenik hitza. Segurtasuna eta bizikidetza oinarrizko eskubideak ez ezik, ezinbesteko baldintza direla gutxieneko bizi kalitatea bermatzeko adierazi du. “Denok dakigu herritarren kezka dela, eta erakundeak ere partekatzen ditugu. Horregatik, aurrerapausoa eman dugu alderdi politiko guztiok”. Ituna 2023 eta 2027 urteen artean egongo da aktibatuta. Alderdi guztiek bat egin izana eskertu du.
Akordioaren xedea programa prebentibo bat garatzea izan da, gizarteko giroa hobetzen laguntzeko. Horretarako, elkarte sareak sartzea aho batez erabaki dute, baita prebentzio poliziala eta judiziala txertatzea ere. Auzoz auzo joango dira itunarekin, elkarte eta eragile desberdinekin adostu ahal izateko. “Ez da polizia arazoa soilik. Izan ere, zeharkako politika sozialak ere behar dira, kausak aztertu eta zerbitzu publikoen jarduera integrala artikulatzeko”, zehaztu du Santanok.
Bizikidetzaren eta segurtasunaren arloan jarduteko esparru bat da sortu dutena, eta horretan kontuan hartu beharreko lehentasun eta printzipio komun batzuk zehaztu eta adostu beharko dituzte mahaia osatuko duten guztiek. Horri Talka plana deitu diote, eta honako neurriak dira hartu nahi dituztenak:
- Poliziak lehentasunezko eremuetan jarduteko plana egitea, delitu datuen bilketa kontuan izanda.
- Hobetzeko esku-hartze espezifikoak behar dituzten hiriko eremu eta/edo auzoak aztertzea eta esku hartzeko proposamenak egitea.
- Auzo elkartearen, auzoko gainerako eragileen eta udal arduradunen artean topaketak eta lan iraunkorrak egiteko foroak sortzea.
- Segurtasun eta bizikidetzarako batzorde iraunkor bat sortzea, hiru hilabetetik behin elkartzeko asmoarekin.
- Udaltzaingoa berrantolatzea eta prestatzea.
- Berrerortze kasuetan epaileekin harremanetan jartzeko bide bat irekitzea, zigorgabetasuna saihesteko.
Horiez gain, ekintza orokorrak ere erabaki dituzte, hiria hobetzeko eta gizartea kohesionatzekoak, poliziarenak, beste espezifiko batzuk zehaztu ez dituztenak eta esparru judizialarekin lotutakoak.
Alderdi politiko guztietako ordezkariek adierazpenak egin dituzte ituna sinatu aurretik. Jokin Melida EH Bilduko bozeramaileak akordioa sinatzea asko kostatu zaiela aitortu du, baina lortu izanagatik eskertu egin du alderdi guztien jarrera. Hiri segurua lortzeko herritarrengan kontrol handiagoa ezartzea ez zutela babestuko argi adierazi du Melidak: “Hori ez da guk sustatu nahi dugun eredua, eta itun honetan ikuspegi hori alboratua izan dela pentsatzen dugu. Garbi dugu ideia bat dagoela itun honen azpian, eta hain zuzen da Irun seguruago bat izango dugula baldin eta irundarron baldintzak eta ongizatea bermatzen baldin baditugu”.
Ondoren, Elkarrekin Podemoseko David Nuñok hartu du hitza. Akordioa gizarte kohesio handiagoa ehuntzeko lehen urratsa dela azaldu du bozeramaileak, eta hasiera ona dela baloratu du. “Azpimarratzekoak dira, besteak beste, udaleko hainbat arlotan esku hartzea eta dena Udaltzaingoari ez ematea. Ezinbestekoa da gizarte-ongizatearekin, kulturarekin eta beste arlo batzuekin lan egitea”.
Xabier Iridoik EAJren izenean lehenik eta behin gogoratu du jeltzaleek proposatutako plana dela eta “erabat ase” daudela lortutakoarekin. Polizia ereduari egin dio segidan erreferentzia, eta hurbiltasuneko eta ikuspegi komunitarioa duen polizia ereduaren alde egiten dutela adierazi du, “polizia eraginkorragoa izateko, pertsonengatik hurbil egon behar da”. Talka planak ikuspegi praktikotik duen garrantzia nabarmendu du azkenik.
Azkenik, sozialisten partetik Miguel Angel Paez alkateordeak hitz egin du eta garrantzitsuena udal talde guztien arteko ekintza izan dela transmititzea dela esan du, “segurtasuna eta bizikidetza hobetzeko”.