Belartzako aparkalekuaren desadostasunak aurrera darrai
EAJk Cristina Laborda Obretako ordezkariak egindako adierazpenei erantzun die, esanez "egia erdiak edota inolako ardurarik gabeko gezurrak" esaten ari direla.
Belartzako aparkalekuaren harira udal gobernuaren eta EAJren artean sortutako desadostasunak aurrera darrai. Oraingoan EAJ izan da Cristina Laborda Obretako ordezkariak egindako adierazpenei erantzun diena, Xabier Iridoy bozeramaileak eta Lourdes Larraza zinegotziak emandako prentsaurrekoan.
Iridoyk argi hasi zuen agerraldia: “Dirudienez, hiriarentzat onuragarriak eta positiboak diren proposamenak onartu beharrean, batzuek nahiago dute egia erdiak edota inolako ardurarik gabeko gezurrak esan”.
Iridoyk zehaztu zuen, “proiektu onuragarri” hori gauzatzeko, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) “aldaketa puntual” bat egitea nahikoa dela, “udal gobernuak egin ohi duen izapide oso ohikoa”. Bozeramailearen esanetan, Recondoko lurretan 200 etxebizitza eraikitzeko erabili zuten metodo hori, eta hurrengoa galdegin zuen: “Lehentasunak daude? Gauza batzuetarako bai, eta beste batzuetarako ez? Enpresa batentzat bai eta Artiako bizilagunentzat ez?”.
Larrazak honakoa gehitu du: “Belartzarentzat ahalik eta alternatibarik onena bilatzen urte eta erdi darama gobernuak. Kudeaketa eraginkorrik izan ez den urte eta erdia, nahikoa zatekeen Plan Orokorraren beharrezko aldaketa puntuala egiteko eta hala, orain EAJren aldeko apustua egiten dugun proposamena eraikitzeko.” Zinegotzia ziur da “alkatea eta udal gobernua haren eraginkortasunik eza eta kudeaketa txarra estaltzen saiatzen” ari direla, “EAJren irudia zikinduz”.
Bukatzeko, Iridoyk “eraginkortasuna” eskatu dio Jose Antonio Santano alkateari: “Duela hiru urte baino gehiago, alkateak Belartzako aparkalekuaren proiektua berreskuratuko zuela iragarri zuen, 2019ko apirilean zehazki, eta oraindik horrela gaude”.