Abotsanitz kritiko agertu da garbitzaileen egoeraren inguruan
Haur eta lehen hezkuntzako eskola publikoen garbiketa udalaren ardura dela adierazi du eta hiru eskari egin dizkio udalari.
Azken egunetan hainbat talde mintzatu dira udal garbitzaileen egoeraren inguruan eta Abotsanitzek ere, gaiarekiko duen ikuspegia azaldu nahi izan du.
Abotsanitz gogor mintzatu da egun garbitzaileek pairatzen duten egoeraren inguruan. Garbi utzi nahi izan dute haur eta lehen hezkuntzako eskola publikoen garbiketa “gainontzeko udal eraikinetan bezala” udalaren ardura dela, bai eta zerbitzuaren gaineko “kontrola” egitea eta “kalitatezko zerbitzua” ematen dela bermatzea ere haren esku dagoela.
Bestalde, uda garaian, “etetearekin eta murrizketarekin” grebaren eragina “nahiko oharkabean” pasa dela azaldu dute, eta bai enpresak eta baita udalak ere, abagune hori “aprobetxatu” egin dutela aldarrikapenei ez erantzuteko.
Hori horrela, hiru eskakizun egin dizkio:
Lehena “egoera honekin” amaitzeko pausuak eman ditzala. “Enpresaren alde agertu beharrean”, langileen lan baldintza duinak berma ditzala eskatu diote. Horretarako, abenduan gehitu zuen ditu kopuruari egin diote erreferentzia. Egun 1.200.000 euroko aurrekontua du udalak garbiketa zerbitzurako “kopuru nahikoa langileen baldintzak bermatzeko”.
Bigarrena, Arrasaten EAJk eta PSEk eman duten erantzunaren “jarrera berdina” erakuts dezala. Arrasateko kasuan, udal garbitzaileek ere baldintza duinak eskatu zituzten eta udal gobernuak “pilota azpikontrataren teilatua” zegoela adierazi eta enpresari langileekin akordio batera iristera eskatu zioten.
Azkenik, abenduan amaituko den kontratuaren aurrean dauden “alternatibak aztertu” ditzatela eskatu diote. Zehazki, garbitzaileak udal langile bihurtzea, kontratazio deialdi berri bat egitea edo Hondarribiarentzat “aukerarik egokiena” izan daitekeen hori bilatu dezatela.