Correosek Iruni eskainitako bi zigilu sortu ditu
EXFILNA erakusketa Ficoban egongo da egunotan, eta topaketa horren 60. edizioari eta Irungo Atsegiña elkartearen mendeurrenari eskaini dizkiete zigiluak.
Correosek Erakusketa Filateliko Nazionalaren (EXFILNA) 60. edizioaren eta Irungo Atsegiña elkartearen mendeurrenaren harira sortutako zigiluak aurkeztu ditu gaur goizean Ficoban. Ekitaldi horretan Leire Diez Correoseko erakunde harremanetarako eta filateliako zuzendaria, Carlos Hernandez Bidasoko Elkarte Filateliko eta Numanistikoko zuzendaria, Miguel Angel Garcia Espainiako Elkarte Filatelikoen Federazioko zuzendaria eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izan dira.
Honakoa da estatu mailan filateliaren inguruan egiten den topaketa garrantzitsuena, eta Irunen egingo da. Aurten 60. edizioa ospatuko da, gaur eta igandea artean, hilaren 21etik 25era. Orotara, 129 erakusketarik hartuko dute parte, eta guztira, 603 koadro erakutsiko dira. Horrez gain, EXFILNAko programak zigilu baten sorketa eta aurkezpena barnebiltzen ditu.
EXFILNAREN 60. ediziorako sortu duten zigiluan San Martzial ermita islatu dute hodei artean. Aurten, San Martzialeko guduaren 500. urteurrena bete da, eta horri dedikatu nahi izan diote. Bere prezioa 6,45 eurokoa da. Bestalde, efemerideen zigilua Irungo Atsegiña elkartearen mendeurrenari eskaini diote. Bigarren zigilu horrek bi euroko prezioa du, eta biak eskuratu daitezke dagoeneko.