Sultana Jaya ekintzaile sahararra Irunen izango da ostiralean
Giza eskubideen aldeko aktibista sahararra da, eta Mendebaldeko Sahararen egoera ezagutarazten dabil. Ostiralean Irunen egingo du geldialdia, 19:00etan, Amaia KZn.
Sultana Jaya giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra Euskal Herrian izango da egunotan. Bisitaldi horretan, euskal agintari eta ordezkariekin biltzeaz gain, hitzaldiak eta sentsibilizazio jarduerak burutuko ditu, eta, besteak beste, Irunen egingo du geldialdia.
Egiten ari den biraren helburua da Mendebaldeko Sahara jasaten ari den egoera larria eta sahararrek bizi dituzten gertaerak ezagutaraztea. Irunen egingo duen hitzaldia ostiralean izango da, hilaren 23an, 19:00etan, Amaia KZn, eta udaleko lankidetza arloaren laguntza izango du.
Jayak hassaniaz hitz egingo du, eta gaztelaniara itzuliko dituzte bere esanak. Aurretik, ostiralean bertan, eguerdi aldera, harrera egingo zaio udaletxean. Harekin batera izango dira Jadiyetu El Mohtar, Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaria eta Itsaso Andueza, Euskal Fondoa erakundeko Saharako Unitateko kidea.
Santi Jimenez Irungo Udaleko Lankidetzako ordezkariak ongietorria egin dio Jayari “pertsona garrantzitsua” den aldetik: “Sahararen egoerari buruz egin duen gogoetak eta, batez ere, haren aktibismoak, berebiziko garrantzia du. Haren esperientzia lehen eskutik ezagutzea aberasgarria bezain beharrezkoa da. Herritarrei gonbita egiten diegu Saharako herriak gaur egun bizi duen egoerari buruzko gogoeta-gune hau partekatzera”.
Sultanak 41 urte ditu, eta Bojadorren jaio zen, Mendebaldeko Sahararen ipar kostaldean, eta, egun, han bizi da. Giza eskubideen aldeko aktibista da, eta sahararra den aldetik, erabat sartu da lurraldea berreskuratzeko herria egiten ari den borrokan. Ia herrikide guztiek bezala, familia banatua du kanpamenduetan eta okupatutako lurraldeetan, baina berak bere hiri okupatuan geratzea erabaki zuen, Marokoren okupazioaren aurka borrokatzeko. 2010ean, Giza Eskubideen Defentsarako eta Natur Baliabideen Espoliazioaren aurkako Liga Sahararra sortu zuen beste batzuekin batera, eta gaur egun, liga horren buru da.