Sexu esplotazioa salatzeko kalera irtengo da Txingudi Elkarte Feminista
Ostiral honetan izango da sexu esplotazioaren aurkako nazioarteko eguna eta urraketa hori salatzeko lehen jarduera 18:30ean izango da.
Ostirala, hilak 23, sexu esplotazioaren eta pertsonen salerosketaren kontrako nazioarteko eguna da eta Txingudi Elkarte Feministak bat egingo du aldarrikapen egun horrekin. Herritarrei urraketa horiek salatzeko antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera deitu diete.
Lehenik, grafiti bat marraztuko dute Bartolome de Urdinso kalean, ez dute ordu zehatzik ezarri. Jarraian, 18:30etik 19:30era mikroekintzak egingo dituzte Colon pasealekuko topoaren geltokitik, Urdanibia plazaraino. Bertara iristean, 19:30ean bueltan, kontzentrazioa egingo dute eta txalaparta jo.
Erakunde publikoei exijitu diete emakumeen esplotaziotik dirua lortzen duten pertsona, enpresa eta mafiak jazartzeko neurriak har ditzatela. Emakume guztien giza eskubideak errespetatzea eskatu dute, “emakume izate hutsagatik ez dadin zapaldua izan”. Babesa erakutsi diete salatzen ari diren egoera pairatu dutenei.