"Anima hadi hitanoa ikastera!" zabaldu du AEK-k
Bederatzi pertsona behar dituzte talde osatu ahal izateko. Klaseak Irungo AEK-ren egoitzan emango dituzte.
Urritik maiatzera bitarte hika ikasteko ikastaroa antolatu du Irungo AEK Euskaltegiak. Urte luze daramate talde bat osatu nahian, baina HABE-k eskatzen duen gutxieneko bederatzi laguneko taldea sortzeko komeriak izan dituzte. “Anima hadi hitanoa ikastera!” mezua zabaldu dute aurtengoan.
Aurten bai ala bai ikastaroa eman nahi dute eta horretarako saiakera berezia egiten ari direla jakinarazi dute. “Uste dugulako urra lezakeela gerora herrian eta eskualdean hitanoa lantzen eta sustatzen jarraitzeko bidea”.
Astelehen eta asteazkenetan izango dira saioak, 19:00etatik 20:30era eta matrikulak 239 euro balio ditu. Irungo Udalak diruz lagundutako ikastaroa da, eta beraz, kurtso amaieran dirua bueltan jasotzeko aukera dago.
Informazio gehiago jasotzeko Legia karrikako egoitzara gerturatu daiteke edota 943 62 88 34 telefono zenbakira deitu, baita mezu bat bidali ere korreo honetara.