Bueltan da EuskalPhoto argazkigintza kongresua
Irailaren 30ean hasi eta urriaren 2ra bitarte iraungo du Kongresuak. Hiru egunetan hitzaldiak, jarduerak eta erakusketak eskainiko dituzte Itsas Etxea Auditoriumean.
Pandemiaren aurretik izan ziren EuskalPhotoren lehen eta bigarren edizioak. Orduko hartan maiatzean antolatu ziren. Aurten ordea, iraila amaieran eta urri hasieran izango da kongresua (irailaren 30etik urriaren 2ra). Hiru eguneko ekimena izango da eta denetik egongo da: ikastaroak, jarduerak, hitzaldiak, eremu komertziala eta erakusketak.
Alvaro del Val antolatzailearen esanetan, aurtengo kartela, oso indartsu dator. Estatuan eta nazio artean garrantzitsuak diren argazkilari profesionalek parte hartuko dute. Bertan izango dira Cristina Rodero, Chema Conesa, Estitxu Ortolaiz, Egoitz Ikaza, Gustavo Bravo, Carmen Pascual, Tino Soriano, Nuria Lopez, Valeria Cassina, eta Juanan Requena.
Aurtengo edizioa oso parte hartzailea eta dinamikoa izatea nahi zuten. Hori dela-eta hitzaldiak, hein batean, praktikoak izateaz gain hainbat jarduera eskainiko dituzte. Ostiral goizean, adibidez, argiztatze tailerra eskainiko du Santi Rodriguez argazkilari Azpeitiarrak. Kongresuko sarrera eskuratu dutenentzako soilik izango da eta norberak bere kamera eraman beharko du. Ez da aurretiaz izena eman behar izango, bertaratzea nahikoa izango da. Larunbatean, berriz, Higer itsasargiari eta Amuitz irlari argazkiak egiteko irteera egingo dute. Olympus OM Systemek argazki kamerak utziko dizkiete eta beraz, parte hartzaileek soilik, SD txartela ekarri beharko dute. Jardueran zehar adituen laguntza izango dute. Parte hartzeko (sarrera dutenek) webgunean izena eman behar izango dute.
Hitzaldiak ostiral arratsaldean hasiko eta igande goizean amaituko dira. Bataz beste, ordu eta erdiko hitzaldiak izango dira eta hizlariek beren azken lanen inguruan, egungo proiektuen inguruan eta beren esperientzien inguruan arituko dira.
Auditoriumean, gainera, gune komertzial bat egongo da non adituei, iritzia eskatzeko, galderak egiteko, merkatuko azken produktuak ikusteko edo kontaktuak egiteko aukera egongo den.
Hizlariak
- Cristina Rodero: Sari asko jaso dituen emakumea da, horien artean, Argazkilaritza Sari Nazionala jaso zuen 1996an. Hortaz gain Magnum Agentzian sartu zen lehen emakumea izan zen.
- Chema Conesa: Argazkilari izateaz gain editorea ere izandakoa da. Hainbat komunikabideetan lan egin du. Orain internazionalki erakusketak komisariatzen ditu.
- Estitxu Ortolaiz: Bertako argazkilariekiko apustua egin izan dute beti eta aurten Ortolaiz argazkilari hondarribiarra izango da.
- Gustavo Bravo: Gasteizen argazkigintza irakaslea da eta kaleko argazkietan (street photo) dago espezializatua.
- Carmen Pascual: Argazkilari soziala da. Estudioko zein ezkontzetako argazkiak egiten ditu, beti ere kutxu piktorikoarekin.
- Tino Soriano: Beste aldizkariren artean National Geographicentzako lan egiten du.
- Nuria Lopez: Emakumeen argazkigintzan espezializatua dago. Emakumeekiko biolentzia, sexua… jorratzen ditu. Bere lana batez ere Hego Amerikan zentratzen da.
- Valeria Cassina: Argazkilari soziala da eta 2022an argazkilarien artean ‘argazkilari onena’ izendatu dute.
- Juanan Requena: Autore lanak egiten dituen argazkilaria da. Herriz herri, karabana batean bere erakusketa erakusten dabil eta datorren astean Hondarribian izango da. Bertan bere azken argazki-liburua aurkeztuko du. Erakusketaz gain, Gabriela Zendoiarekin solasaldi bat eskainiko du.
Hiru eguneko sarrerak 75 euro balioko du. Ordutegi zein informazio gehigarria EuskalPhotoren webgunean.