Oteizaren eta Basterretxearen tailer-etxearen memorian sakontzeko, ikastaroak
Tailerrak hilaren 23an hasiko dira, eta auzo-elkarte ezberdinetan egingo dira. Izen-emateak irekita daude jada.
Luis Vallet, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen figurak eta obrak ezagutzeko, Irungo Udalak sei tailer eskainiko ditu hilaren 23tik aurrera. Kultur arloko ikastaro horiek familia girokoak dira, eta Irungo auzo ezberdinetan egingo dira. Izen-emateak irekita daude dagoeneko, eta Irungo Udalaren webgunean egin daitezke.
Tailer horiek abiatzearen helburua da Oteizaren eta Basterretxearen tailer-etxearen memoria berreskuratzen jarraitzea, jendea Iparralde hiribideko eraikinera erakartzea eta bere garaian haren inguruan egituratu zen mugimendu artistikoan fokua jartzea, begirada Mugarte proiektuan jarrita.
Helburu horiek gauzatzeko, hainbat jarduera bideratuko dira. Ildo beretik doaz Iparralde hiribideko eraikina mantentzeko egin diren beste urratsak ere, haren irudia hobetzeko eta gehiago ez hondatzeko; hala nola, fatxadan olana bat jartzea.
Jarduera horiek, gainera, bat egiten dute kultur arloak duen beste lan-ildo batekin: jarduerak hiriko auzoetara zabaltzea, kultura deszentralizatzeko, beste publiko batzuengana iristeko eta ohiko espazioetatik kanpo eskuragarri jartzeko. Gauzak horrela, ikastaroak hiriko hainbat auzo-elkarteren egoitzetan eskainiko dira. Orotara, sei tailer egitea aurreikusi da, eta elkarte bakoitzean bi saio egingo dira. Hortaz, guztira 12 dira emango diren ikastaroak.
Datak: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara:
- Irailak 23: Bost Puntu (Vallet), Santiagoko auzo-elkartean.
- Urriak 14: Sakatu botoia (Basterretxea), Dunboako auzo-elkartean.
- Azaroak 4: Hutsuneak (Oteiza), San Migeleko auzo-elkartean.
- Azaroak 18: Mugalariak (Vallet), Elitxu auzo-elkartean.
- Abenduak 2: Borobilak (Basterretxea), Alde Zaharra-San Juaneko auzo-elkartean.
- Abenduak 16: Zinekluba (Oteiza), Arbeseko auzo-elkartean.
Urtarriletik aurrera berriz emango dira tailerrak honako egunetan:
- Urtarrilak 13: Bost Puntu (Vallet).
- Urtarrilak 27: Sakatu botoia (Basterretxea).
- Otsailak 10: Hutsuneak (Oteiza).
- Otsailak 24: Mugalariak (Vallet).
- Martxoak 10: Borobilak (Basterretxea).
- Martxoak 24: Zinekluba (Oteiza), Kateako auzo-elkartean.
Tailer-etxea
Oteizaren eta Basterretxearen tailer-etxea Iparralde hiribidean dago kokatua. Proiektua 1956 eta 1958 urteen artean gauzatu zen, Luis Vallet arkitektoak zuzenduta. Hormigoi armatuzko prisma bat da, zutoin batzuen gainean pausatua dagoena. Eraikina arkitektura arrazionalistaren adibide da, eta bertan gauzatu zuten euren lan artistikoa Oteizak eta Basterretxeak. Gainera, han bizi ziren bi artistak.
Eraikinaren hasierako proiektua forma sinpleko edukiontzi bat zen, zutoin gainean paratutako kutxa bat: espazio irekiak eta argi naturala zituen gela guztietan. Ondoren, Oteizak eta Basterretxeak euren modura modulatu zituzten espazioak: teilatu lau bat eta beste bolumen bat gehitu zituzten, klera laborategi gisa erabiltzeko. Eraikinak bi solairu ditu fatxada nagusian eta hiru atzealdean, inguruaren desnibelagatik. Horrez gain, aipatzekoak dira leihoen bost baoak, eta, horien artean, balkoi ia kubikoak. Oteizak eta Basterretxeak 1957tik 1974ra gauzatu zituzten Irunen euren sormen proiektuak.