Kiroldegiaren kudeaketa publikoa izan dadin eskatu du Abotsanitzek
EAJ taldeak kiroldegiaren ustiaketan "urgentziazko lasterbide bat" egin nahi duela salatu du taldeak.
Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi pilotalekua udalaren jabetzakoak dira eta Hondarribia Lantzen S.A. enpresak kudeatzen ditu. Ustiaketa, ordea, Kirolzer S.L. enpresaren esku dago.
Abotsanitzek dioenez 2015ez geroztik aritu da kiroldegiaren ustiaketaren kontzesio kontratuaren irregulartasunak salatzen. Ordurako, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ustiatzaile eta kudeatzaileen artean egondako irregulartasunak salatu zituen (2014an); Kirolzer S.L. enpresak Lantzenekiko zituen zorrak salatu zituen, kanonak ez ordaintzeagatik.
Irregulartasun horien aurrean, Abotsanitz Udal Taldeak 2016an eta 2019an instalazioak modu zuzenean kudeatzea proposatu zuen, baina EAJari urte guzti hauetan “ezer egin ez izana” leporatu dio. “2019 erditik aurrera Kirolzer S.Lk ez du kontratuan aurreikusitako kanonik ordaindu eta Hondarribia Lanzekiko zorra 700.000 eurotik gora iritsi da. […] pandemiak gainera, egoera larritu du”.
2020ko abenduaren 31an iraungi zen bi udal instalazioak kudeatzeko kudeaketa eta beraz Abotsanitzek argi ikusi zuen kudeaketa publiko egiteko aukera. EAJk ordea, enpresa kudeatzaileari, kontratuaren luzapena egitera “behartu” zuela azaldu eta orain, urgentziazko lasterbide bat egin nahi duela salatu du Abotsanitzek.
Egoera zail horren aurrean, Hondarribia Lantzen S.A. enpresak akordatutako aktibitateari eusteko “nahikoa baliabide ez” duela adierazi duela eta Kirolzer S.Lk ustiaketarekin “ezin duela gehiago” mahai gaineratu nahi izan du taldeak. Eta beraz, honen guztiaz jabetuta, kiroldegiak kudeaketa propioaren beharra duela aldarrikatu du Abotsanitzek.