Erakusketa Filateliko Nazionalaren 60. edizioa, Ficoban
EXFILNA izeneko estatu mailako lehiaketa filateliko garrantzitsuena Irunen izango da hilaren 21etik 25era.
Hilaren 21etik 25era, hau da, asteazkenetik igandera, Ficobak Erakusketa Filateliko Nazionalaren (EXFILNA) 60. edizioa hartuko du, Bidasoko Elkarte Filateliko eta Numanistikoak lehiaketa Irunen egiteko izendapena lortu ondoren. Estatu mailan dagoen lehiaketa filateliko garrantzitsuena da honakoa, eta Espainiako Elkarte FIlatelikoen Federazioak (FESOFI), Bidasoko Elkarte Filateliko eta Numanistikoak eta Correosek antolatu dute, Irungo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailaren laguntzarekin. Frantzia eta Argentina dira edizio honetan gonbidatu bezala parte hartuko duten herrialdeak.
Honakoa da EXFILNA erakusketa nazionala Irunen egingo den bigarren aldia. Erakusketak jarduera ezberdinak beregain hartuko ditu. Horietako batean, Irungo eta Hondarribiko Lehen Hezkuntzako ikasleek Txingudiko Badiarako zigilu bat diseinatzeko lehiaketan hartu dute parte, eta egin dituzten marrazkiak Mendibil merkataritza zentroan daude ikusgai.
Jose Antonio Santano alkateak EXFILNA bezalako ekitaldi bat Irunen izatearen garrantziaz mintzatu da, pertsona asko erakarriko baititu herrira. Horrez gain, azpimarratu du EXFILNA antolatzea ekitaldi esanguratsuak jasotzeko eta herriaren irudi erakargarri bat islatzeko bokaziotik datorren beste adibide bat dela.
Izendapen horrekin, Irun EXFILNA berriro jasotzen duten herri bilakatu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan izendapen hori lortzen duen lehen herria da.
Ficobako erakusketa ostegunetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekia, eta igandean, soilik goizean irekiko dute, 10:00etatik 14:00etara.
EXFILNAko erakusketaren egitaraua eta xehetasunak Ficobako webgunean kontsulta daitezke.