Belartzako aparkalekuak arauak hausten dituela erantzun dio udalak EAJri
Oraindik txosten teknikoa garatzen ari dira Belartzan aparkalekua jartzeko, eta beraz, EAJk alderdikerian oinarritutako planoen erabilpena egin izana leporatu dio udalak.
Iragan ostiralean EAJk Artiako Belartza eremuan aparkaleku bat egiteko proposamenaren alde zeudela adierazi zuen. Gaur Cristina Laborda Obretako ordezkariak erantzun egin die adierazpen horiei.
Proiektu hori gobernu taldearen konpromisoa dela berretsi du ordezkariak eta horregatik proiektua idazten urte eta erdi daramatela azaldu du: “Proiektua idazten eta alternatibak aztertzen, ahalik eta aukera onena zein zen jakiteko”. Aukeren bila ibili direla nabarmendu nahi izan du, baldintza guztiak erreparatu eta gero teknikoki bideragarria den ikusi behar izan baitute, baita hirigintza plangintzarekin bat joatea ere.
Ildo horretan, lau proiektu proposamen ondu ditu udalak jeltzaleek jakinarazi zutenez, eta horietatik bat aukeratu zutela adierazi zuten ostiralean. Laborda kezkatuta ageri da aukeratu dutenarekin, ez baitu araudia betetzen.
Arau hauste hori aparkamendu alternatibak jaso dituzten txostenean irakur daitekeela dio ordezkariak eta hitz horiek errepikatu ditu: “Ez du betetzen hirigintza-araudia, eraikigarritasuna baitu sestra gainean”. Azterketa ez irakurri izana leporatu dio alderdi jeltzaleari Irungo Udalak eta infografien barruan politena zein den bilatu dutela diote. Adierazpen horiek, bestela, ezinezkoa dela
jakinda ez jakinarena egitea erabaki izanagatik egin dituztela diote, “itxaropen faltsuak sortu nahi izan dituzte”.
Laborda EAJri zuzendu zaio eta azkar ibiltzeagatik ez direla lehenago iritsiko esan die. Alternatiba guztiak konparatzen dituen koadro bat zabaldu dutela dio, eta ez dela hain zaila konparazioak egitea. Horrez gain, irudi horiek ez direla publikoak dio, prozesua ez delako amaitu, eta beraz, ez daitezela alderdikeriatan ibili dokumentu erabat tekniko batekin ohartarazi die.
Amaitzeko berriz oroitu du udal ordezkariak enkargatuta dutela proiektu bat, “arauak betetzen dituena”. Lehen planoak jasotzen dituztenean bizilagunekin partekatuko dituztela iritziak jasotzeko gaineratu du.