Urpekaritzaren lehenengo froga arkeologikoei buruzko hitzaldia Oiasson
Marcela Urizar Bergara ikertzaile txiletarrak bere azterketen emaitzak aurkeztuko ditu irailaren 22an. Gordailuak maileguan utzitako zenbait pieza ere ikusgai egongo dira museoan.
Marcela Urizar Bergara ikertzaile txiletarrak hitzaldi bat emango du Oiasso Museoan, hilaren 22an, 19:00etan. Urizar Bergara antropologo forentsea, bioarkeologoa, ikertzailea eta Atacamako Unibertsitateko akademikoa da, eta urpekaritzaren lehenengo froga arkeologikotzat hartzen direnak aurkitu zituen Huascoko portuan (Atacama, Txile). Hitzaldian aurkikuntzaren ezaugarriak eta dokumentatzeko erabilitako teknikak azalduko ditu.
Era berean, 2019tik Gordailuko zenbait pieza etnografiko ikusgai jartzen ditu Oiasso Museoak. Oraingo honetan, eraikuntzari eta eraikinen dekorazioari lotutako zenbait piezaren erakusketa antolatu dute. Gordailuak utzitako piezek frogatzen dute oraindik ere erabiltzen ditugula erromatarren garaiko eraikuntza material batzuk. Erakusketa 2023ko martxora arte egongo da zabalik.