[Erreportajea] Euskaraz, japoniar erara kontatutako istorio umoretsuak
Rakugolariak Hondarribian izango dira hilaren 22ko 19:00etan, Kultur Etxean. Ongi pasatzeko aukera ezin hobea izango da. Blagan Euskara Elkarteak udalaren laguntzarekin ekarritako saioa da.
Rakugoa ahoz aho transmititzen diren istorio edo ipuin tradizionalen kontaketa saioak dira, eta Japonian dute jatorria. Hiromi Yoshida (Tokyo, Japonia) hizkuntzalaria da bere herrialdeko ondare zatitxo hori hartu, eta Euskal Herrian zabaltzeko apustua egin zuena. Hasieran, Axen Escalada donostiarrarekin hasi zuen ibilbidea. Aspaldiko laguna izateaz gain, antzerkiaren munduan ibilitakoa da Escalada. Ondoren, Arantzazu Maiz azpeitiarra eta Maider Ibarguren zestoarra batu ziren taldera. Yoshida Japonian ahoz aho kontatzen diren ipuinak aukeratzeaz eta euskaratzeaz arduratzen da, gainontzekoak, horiek kontatzeaz. Hilaren 22an, Kultur Etxean gozatu ahalko da haien lanaz (19:00etan eta doan), Blaganen eskutik.
Hiromi Yoshida duela urte asko heldu zen lehen aldiz Euskal Herrira, eta harrezkero, azken bi urtetan izan ezik, urtero bitan itzuli da hona. Euskal Herritik gauza asko jaso dituela azaldu eta ordainetan, zerbait ekarri behar zuela pentsatu zuen. Duela zortzi urte izan zen hori, «urteak konturatu gabe pasa dira». Yoshida Rakugozalea izan da beti, eta antzerkitik zerbait badu ere, askoz ere sinpleagoa da. «Antzerkia hona ekartzea oso zaila da, traste asko behar direlako. Rakugoa, aldiz, askoz ere errazagoa da. Kontalari bakar bat behar dut, beste ezer ez».
Antzinako istorioak dira, orain dela 300 urtekoak, eta kontalari bakar batek pertsonai ezberdinen paperak egiten ditu. 15-20 minutuko iraupena dute eta saio batean hiru istorio motz kontatzen dituzte batez beste. Istorioek duten berezitasuna narrazio gutxi dagoela da. Une jakin batean gertatzen diren elkarrizketak edo eztabaidak izaten dira eta «istorio xelebreak» dira gehienak. Protagonistak kaleko jende xumea dira, eta gauza arruntak dituzte ardatz.
Arantzazu Maizen arabera, kontakizun ezberdinak ikastea lan zaila da, «istorioaren luzeraren eta konplexutasunaren araberakoa da». Lauren artean, hamalau rakugo ikasi dituzte. Partaide bakoitzak hiru edo lau dakizki. Hala ere, Japonian ere rakugo bat behin baino gehiagotan entzuten dutela azaldu du Escaladak, «kontalari bakoitzak bere kutsua ematen dio».
Kutsu dibertigarria eta orientala duten saioak dira; lurrean belauniko eserita eta kimono bat soinean dutela kontatzen dituzte. «Japonian bertan kontatzen diren modura kontatzen ditugu», azaldu du Maizek. Barre egitea eta ondo pasatzea helburu izateaz gain, hori guztia euskaraz egitea da asmoa. Yoshida: «Jendeak kontakizunak entzun eta euskaraz ondo pasa dezala nahi dugu».
Umorea amankomunean
Japonia oso urrun dagoen herrialdea da eta ez da harritzekoa milaka kilometrora dagoen herrialde baten eta bertako kultur eta ohituren arteko ezberdintasuna handia izatea. Horiek, orain arte, nahiko ezezagunak izan badira ere, gero eta gehiago ezagutzen direla iritzi du Yoshidak. «Marrazki bizidunek eta komikiek, adibidez, asko lagundu dute». Umoreari dagokionez, ordea, ez du ezberdintasunik sumatu. «Herrialdez herrialde umorea aldatzen zela uste nuen, baina barrea amankomuna dela konturatu naiz. Deskubrimendu handia izan da hori».