[Erreportajea] Hankak lurrean, distantzia txikitzeari begira
Estremerako (Madril) espetxean dago Iratxe Sorzabal preso irundarra hilaren 9tik, 24 urte eta erdiko zigorra betetzeko. Beste bi epaiketaren esperoan dago. Orainaldiaz aritu da bere lagun Imanol Arzuaga ‘Kima’.
Zazpi urte pasa ditu Reauko (Frantzia) espetxean Iratxe Sorzabal preso irundarrak, 2015eko irailean Baigorrin atxilotu zutenetik. Frantziako Estatuan ezarritako kondena hori bete du, eta Estremerako (Madril, Espainia) kartzelan dago hilaren 9tik, aurtengo otsailean Madrilen egin zioten epaiketaren kondena betetzeko. Epaiketa hori euroagindu baten ondorioa da. Oraindik beste bi epaiketa ditu aurretik.
Guztira lau euroagindu eskaera egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabalen kontra, nahiz eta horietako bat atzera bota zuen Pariseko Dei Auzitegiak iaz. Irundarrak sufritutako torturak mahai gaineratu zituzten eta froga bakarrak inkomunikatuta eta torturapean zegoenean jasotakoak direla esan zuten, bere burua erruduntzat jotzen zuen horietan.
Otsailean Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen deklaratzen Sorzabal, eta 2001ean Intxaurrondoko kuartelean inkomunikatuta egon zen bost egunetako torturen ondorioz bere burua erruduntzat eman zuela jakinarazi zuen: «Ni neu eta beste batzuk erruztatu nituen; pasatzen ari nintzen infernuarekin ezin nuen beste ezer egin». Sententziaren berri otsailaren amaieran eman zuten eta 24 urte eta sei hilabeteko kondena ezarri zioten.
Helegiteak
Frantzian betetzen ari zen kondena hilaren 9an bukatzen zuela bazekien preso irundarrak, baita jakin ere hilaren 9tik 19ra Espainiara eraman gabe zentro batean egoteko aukera zuela. Hori lortu nahian bere abokatuek helegitea jarri zuten, baldintzapeko askatasuna eskatuz. Eskaera atzera bota zutela azaldu zuen Etxerat-ek.
Sententzia atera zutenean beste helegite bat aurkeztu zuten, Imanol Arzuaga Kima Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeko kide eta Bi arnas dokumentaleko ekoizleak azaldu duenez: «Ez dugu espero Atristainen doktrina aplikatzea, hori tortura onartzea litzatekeelako, baita tortura sistematikoa izan dela onartzea ere. Aldi berean, atxiloaldi inkomunikatuan daudenek konfiantzazko abokatu bat edukitzearen aukera dutela onartzea ekarriko luke doktrina hori aplikatzeak». Gaineratu du doktrina hori ez aplikatzea pentsatuz idatzi zutela Sorzabalen sententzia: «Badira lerro batzuk ezkutuan jartzen duela sententziak ez daukala zerikusirik Atristainenarekin, doktrina hori ez aplikatzeko».
Reautik Estremerara
Etxetik urrun dauden euskal preso politiko asko gerturatu dituzte Euskal Herrira azken urteetan, eta Sorzabalen kasua hori izan ez bada ere, Espainian egoteak gerturatzea ekar dezakeela uste dute. Dena den, Sorzabalek hankak lurrean dituela dio Arzuagak: «Badakigu ez duela ilusiorik egin berehala ekarriko dutelako aukerarekin, oraindik Madrilen eduki dezaketelako denbora luzez beste bi epaiketa dituelako».
Frantziako espetxeekin alderatuta oraingo baldintzak okerragoak direla dio presoaren lagunak, «gehienbat senideentzat». Kilometro gutxiago egin beharko dituzte bidaian, baina bisitak askoz luzeagoak ziren lehen.
Bi arnas, Zinemaldian
Joan den maiatzaren 22an egin zen Bi arnas dokumentalaren aurkezpena Amaia KZn. Torturak Sorzabalen eta haren ama Mari Nieves Diazengan utzi duen aztarnatik abiatu eta torturaz hitz egitea du ardatz sormen lanak. Jada Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izan da ikus-entzunezkoa, eta eragin oso baikorra izaten ari dela azaldu du Sorzabalen babes taldeko kideak, torturaz orokorrean hitz egiteko parada ematen baitu lanak, «eta ez bakarrik Iratxeren kasuaz». Donostiako Zinemaldian izango da ikus-entzunezkoa.
Jendea emanaldietan oso hunkituta geratzen ari dela dio ekoizleak. «Bukaeran isiltasun fuerte bat sortzen da. Jendeak beharra zuen. Orain ez badugu kontatzen ez dugu inoiz kontatuko». Haiek ere tortura bizi izan zutela aitortzera ikusle batzuk gerturatu izan zaizkiela azaldu du Arzuagak, eta lekuko batenak ekarri ditu gogora: «‘Niri ere gertatu zitzaidan, baina ez zidatenez hainbeste jo, niretzat ez da tortura’, esan zuen batek. Eta hori tortura ere bada. Isiltasun eta lotsa puntu bat dago eta hau kontatu behar da. Oraindik tabua da».
Donostiako Zinemaldian bi saio programatu dituzte, hilaren 22rako lehena (20:30ean) eta 23rako bigarrena (20:00etan), biak Principe aretoetan. Ate asko irekitzen dituelako, Donostiako Zinemaldikoa «eskaparate ederra» izan daitekeela uste du Arzuagak. «Beste mundu batera iristen ari garela sumatzen da». Inguruko hedabideetan ez ezik, haien ahotsa beste lekuetara zabaltzen ari denaren irudipena du. Jarraian, Hazparneko Festibalean egongo dira, eta aurreratu dutenez, Frantziako jaialdi batean egoteko aukera dute. Konfirmazioekin jarraituz, urriaren 12an Berlinen egongo dira lanarekin, beste hamar saio eskainiko dituzte Alemanian, eta Suitzan beste hainbeste.
Ez da tortura ardatz izango duen lan bakarra Zinemaldian. Ander Iriarte oiartzuarraren Karpeta urdinak ere proiektatuko baitute (astekari honen 24. orrialdean informazio gehiago). Ikuspegi desberdinetik jorratu dute gaia: «Gehigarriak dira ekarpen guztiak. Inportantea da Zinemaldian torturari buruz bi film egotea, orain arte ez baita gertatu. Horren arrazoia da gaiarekin sentsibilizazioa poliki-poliki irabazten ari garela».