EAJ, Belartzako aparkaleku ereduaren alde
Aukera horrek 128 aparkaleku berri sortuko lituzke, eta lurrazalean aisialdiaz gozatzeko aukera ere emango luke.
EAJk Artia auzoaren beharrizanei erantzungo liokeen Belartzako aparkaleku ereduaren aldeko apustua egin du. Euren esanetan, hirian dagoen aparkaleku arazoa konpontzeko “premiazkoa” da Belartzan lur azpiko aparkalekua gauzatzeko proiektuarekin aurrera egitea. Aparkaleku berri horrek 128 aparkaleku berri eskainiko lituzke, 64 lurpean eta beste horrenbeste lurraren arrasean. Gainera, proiektu horretan kirol anitzeko bi kantxa, haurrentzako parke bat eta zenbait banku ere aurreikusten dira. Jeltzaleek uste dute egokiena litzatekeela aparkaleku berriko plazak auzoko pertsonei eskaintzea, izan alokairuen bidez edo prezio merkeekin.
EAJk babesten duen proiektuaz gain, beste lau ere badaude, baina garestiagoak dira edo, euren iritziz, ez dute auzotarrentzat kanpoko gune egokirik eskaintzen.