Bakearen Nazioarteko Eguna ospatuko da datorren astean
Hurrengo asteazkenean izango da, irailaren 21ean. Horren harira, adin guztietarako zenbait jarduera antolatu ditu udalak.
Irailaren 21ean Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udalak zenbait jarduera antolatu ditu. Asteazkenean bertan, 17:00etatik 19:30era gazteen eta adinekoen arteko Balioen loratzea foroaren bigarren edizioa egingo da Martindozenea gaztelekuan. Antolatzaileen esanetan, topaketaren helburua “balioak belaunaldien artean partekatzea da, hala nola, enpatia, elkartasuna, errespetua, tolerantzia, pazientzia, erantzukizuna eta justizia”. Hiriko adinekoei eta 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da. Izen-ematea udalaren webgunearen bidez egin daiteke; nagusiek hiriko gizarte-zentroetan ere eman dezakete izena.
Horrez gain, haurrei zuzendutako ekitaldi bat ere izango da. Egun eta ordu berean, bakearen usoaren formako panel bat osatuko da Solas Jolaseko haurrek egindako marrazkiekin. Gainera, bertaratzen diren haurrek bakearen usoaren forma duen euskarri baten gainean marraztu ahalko dute. Egitaraua The Breadwinner filmaren proiekzioarekin amaituko da. Ostegunean izango da, 19:00etan, Amaia KZko hitzaldi aretoan.