Talaia Eskolako Familien Elkartea: "Egoera jasangaitza da"
HH4 urte, HH5 urte, LH1 eta LH2ko ikasleak jolastokira irten dira klaseak jasotzera. Talaia Eskolako Familia Elkarteak manifestazioa deitu du irailaren 23rako.
Udal garbitzaileen eta ISS enpresaren arteko gatazka luze doa eta Talaia Eskolako Familien Elkartearen ustez eskoletako egoera “jasangaitza” bihurtu da. Satarka, Biteri eta Bordari eskolek aste honetan zabaldu dituzte ateak eta ikasgeletan pilaturik dagoen zaborraren egoera dela-eta zenbait irakaslek, klaseak jolastokian emateko erabakia hartu dute. Zehazki, HHko 4 urtekoak, HHko 5ekoak , LH1 eta LH2ko ikasleak izan dira ikasgelatik irten eta jolastokia bere egin dutenak.
Guraso elkartetik, zikinkeriak, irakasle zein ikasleengan, asma bezalako gaixotasunak eragin dituela salatu zuten abuztuan. Orain, eskolako zaborra udalaren ardura dela salatu dute sare sozialetan.
Egoera bere osotasunean salatzeko eta udalaren “jarrera pasibo eta inmobilista aldatzeko asmoz” manifestazioa deitu dute hilaren 23an. 17:00etan Biteri ikastetxetik abiatuko dira.
Udal garbitzaileak greba mugagabean daude irailaren 1etik, eta guztira, 100 egun baina gehiago igaro dituzte soldata arrakalarekin amaitzeko eta KPIa bermatzeko eskakizunean. Nagore Lartzabal garbitzaileak uda osoa protestetan igaro ondoren, orain, “zerotik” abiatu direla azaldu du. Izan ere, eskakizunak otsailetik egiten darabilten arren, enpresa hilaren 13an hasi zela negoziatzen azaldu zuen Xabier Etxanizek, ELA Sindikatuko kideak, ISSrekin izandako bileraren ondoren.
Hondarribiko PSE-EEk, bere aldetik, Talaiako ikasleen familien elkarteak egindako salaketarekin bat egin eta egoerarekin “oso kezkatuta” dagoela adierazi du. Gainera, bi aldeei “lehenbailehen” akordio batera iristeko eskakizuna egin die.