Bihar zabalduko da 'Itsasoan' erakusketa
Larunbatean, Santa Gema III.nari buruzko dokumentala eta arrantza ontzien zein arrantzatzeko moduen inguruko hitzaldia eskainiko dute.
Gaur goizean Itsas Etxea Auditoriumeko erakusketa gelan aurkeztu dute ‘Itsasoan’ erakusketa. Bertan izan dira Juan Luis Silanes kultur zinegotzia, Jose Mari Sanz Ttopara Kultur Elkarteko presidentea eta Mikel Jauregi Ttopara Kultur Elkarteko kidea.
Ttopara Kultur Elkarteak, Hondarribiko Udalaren eta ‘Done Pedro’ Arrantzaleen Kofradiaren laguntza izateaz gain, 40 pertsonen laguntza izan dute. Ttoparako presidentea: “jaso dugun laguntza pasada bat da”. Informazioa, testigantzak, maketak eta material ezberdina jaso ahal izan dute era horretan. Hortaz gain, ikerketa sakona egin behar izan dute, garaiko egunkariak zein artxibo ezberdinak arakatuz.
Silanesek, bere aldetik, herriko historia jakitea “oso garrantzitsutzat” jo du eta herritarren aldetik horrelako egitasmoak sortzen direnean “oso erantzun ona” jasotzen dutela adierazi du.
1601. urteaz geroztik 583 arrantzale hondarribiar hil dira, beraz, erakusketaren bidez itsasoaren ondorioz sufrimendua pairatu duten gizon zein emakumeei omenaldia egin nahi izan diote. Baina ez hori bakarrik, lan honekin arrantzaleek zituzten lan baldintza gogorrak erakutsi, eta pertsona hauen ausardia balioan jarri nahi izan dute ere.
Erakusketa osatzeko orduan lau hondoratze hartu dituzte ardatz: ‘Constantino Chiquia’ Baporea (1912); ‘Bi-Anaiak’ Baporea (1920); ‘San Luis’ Baporea (1911); eta ‘Santa Gema III’ Itsasontziaren hondoratzea (1951). Jose Mari Sanz presidentearen hitzetan “honakoa lagin txiki bat izan da”. Eta argi utzi du ontzi hauen informazioa bildu izanak ez duela esan nahi beste “tragedia garrantzitsurik” gertatu ez denik.
Bihar zabalduko dute ‘Itsasoan’ erakusketa, arratsaldeko 19:00etan Itsas Etxean. Ordutegia honakoa izango da: 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.
Larunbatean, berriz, Santa Gema III.nari buruzko dokumentala eta arrantza ontzien zein arrantzatzeko moduen inguruko hitzaldia eskainiko dute. Dokumentalean tragedia lehen pertsonan bizi izan zuen arrantzale baten testigantza egongo da.